Zaharren Babeslekuak ez die urteko kuota kobratuko bazkideei

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko mar. 1a, 10:38

Bazkideen urteko batzarra ere bertan behera utzi du elkarteak, osasun egoera hobetu bitartean.

Orioko Zaharren Babeslekuak jakinarazi du bazkideei ez dietela 2021eko urteko kuota kobratuko, eta, oraingoz behintzat, ez dutela egingo urteko batzarrik, osasun egoera hobetu bitartean. Gainera, elkarteko zuzendaritzak barkamena eskatu die bazkideei 2020ko martxotik hainbat zerbitzu bertan behera geratu direlako, baina "bazkideen hobe beharrez" hartutako neurriak direla gogorarazi dute. "Bingoa, eskulanen ikastaroa, mus txapelketa eta beste hainbat jarduera bertan behera geratu dira. Horrez gain, izurritea zabaldu zenetik, ez ditugu egunkariak izaten elkartean eskuz esku ibiltzen direnez kutsatze fokua izan daitezkeelako, eta kartetan jokatzea ere galarazi egin dugu. Badakigu neurri horiek ez direla bazkide guztien gustukoak, baina beharrezkoak iruditzen zaizkigu, bazkide guztion osasuna bermatzeko", azaldu du Txomin Iribar Orioko Zaharren Babeslekuko presidenteak.

Elkarteko zuzendaritzako kideen nahia da pixkanaka zerbitzuak eta jarduerak abiatzea, osasun egoera hobetu eta horretarako baldintza egokiak direnean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide