Aurrera doaz Pentsamendu Tailerreko saioak Etxeluze Gaztetxean, kontzientziazio dinamikak pizteko ariketa berriei helduta. Atzo emozioen inguruan jardun zuten hamar lagun inguruk, Sergio Villarren gidaritzapean. Aritz Pardina ekimenaren bultzatzaileak atzoko saioaren "balorazio oso ona" egin du, eta azpimarratu zuen "parte hartzea izugarria" izan zela: "Sergiok oso ondo aurkeztu zuen gaia, eta aurreneko momentutik proposatu zituen ariketa oso interaktiboak, jendeak parte hartu ahal izateko. Oso ona izan zen jendearen erantzuna".
Vilarrek aurkeztutako edukiei eta partaideen "iritziari" dagokienez, Pardinak azaldu du "puntu askotan bat egin" zutela dinamizatzailearekin, baina, "orokorrean", "iritzi kontrajarriak" ere azaleratu zirela. "Eztabaida egon zen, eta luze aritu ginen solasean", gaineratu du.
Hortaz, "jendearen interesa ikusita" eta Villarrek ezin izan zituztenez aurkezpenerako prestatutako eduki guztiak landu, erabaki zuten bigarren saio bat egitea emozioen inguruan jarduteko. Oraindik ez dute data berria zehaztu, baina Pardinak aurreikusi du "laster" izango dela.