"Kimu eta infantiletan 40na haur ditugu, eta hori da indarra duena"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko ots. 21a, 11:39

Esnaola, ostiral honetan, babesle berriaren izena traineruan erakusten (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Orio Arraunketa Elkarteak aste honetan aurkeztu du datozen urteetan taldea babestuko duen eragile nagusia, Orialki. Horri buruz eta datozen asteez hitz egin du KARKARAk Iosu Esnaola OAEko presidentearekin.

Orialkirekin sinatu duzue babesletza hitzarmena. Hori, talde nagusiarentzat garrantzitsua izateaz gain, gainontzeko taldeentzat ere inportantea izango da, ezta?
Bai, dudarik gabe. Goi maila da kanpotik gehien ikusten dena, baina atzetik datorren lana handia da. Aurten, gainera, proiektu berria dugu esku artean; inoiz baino entrenatzaile gehiago jarri ditugu, zortzi entrenatzaile dituzte beheko mailetakoek, eta horri garrantzia eman nahi diogu. Zer esanik ez, Jon, Santi eta Angelek egiten dutena harrobiari laguntza emateko. Eta orain, Orialkiren babesarekin, eta gainera ikusita bi aldeok helburu eta balore berak ditugula, uste dut ezin hobea dela akordioa.  Izan ere, gaurko etorri honek urteetako etorria izan beharra dauka.

Horretan sinesten duzue.
Hori da. Ikusten dugu beherako taldeetan lana gero eta hobeto ari dela egiten, eta goian ikusten dugu horrek izan behar duela bidea.

Denera zenbat arraunlari dituzue?
160-170 arraunlari ditugu, eta oso-oso pozik gaude, hasi kimuetatik eta infantiletara 40na daude, eta hori da indarra duena. Azkenean, badakigu zer indar duten futbolak, eskubaloiak, saskibaloiak... Eta azken bi urte hauetan behintzat lortu den indar hori uste dut dela lana ondo egiten ari garelako, baita neskek lortu dituztenengatik eta mutilak egiten ari diren ibilbideagatik, uste dut horrek guztiak duela indarra, eta bidea dela garrantzitsuena, eta alde horretatik, proiektua ondo bideratuta doala.

Harrobia ari da lehiatzen?
Orain arte ezin izan du lehiatu, baina hitzartuta dago otsailaren 28an estropadekin hastea, infantiletatik hasi eta aurrera batelekin, mobilarekin... hastera goaz eta hori da garrantzitsuena guretzat.

Martxoan Oriaren Jaitsiera egingo da berez, baina esan zenuten egoeraren arabera egongo dela hori. 
Hala da, bai, eta ikusi beharko da, baina nik uste dut egun hori ezin dela galdu, traineru batzuentzat muga jartzen duen estropada delako eta egun hori beti izan delako berezia. Horregatik, martxoaren 21ean hemen izango dugu Oriaren Jaitsiera, partaide gehiagorekin edo gutxiagorekin, baina ziur gaude egin egingo dugula.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide