Martxoaren 5ean ekitaldi "berezia" egingo dute Arraunetxen, Orioko Udalak jakitera eman duenez. Orainmenean, bertsolaritzaren genealogia feministak du izena ikuskizunak, eta elkarlanean sortu dute Txakur Gorriak Sormen Kolektiboak eta Lanku Kultur Zerbitzuek.
Udalaren esanetan, "Orainmenean bertsolaritzaren genealogia feminista posible bat da, iraganaren eta orainaren arteko bidaia, historiak ezkutatu dituen emakumezko bertsolariak ezagutarazteko eta egungo emakume bertsolariei aukera emateko". Txakur Gorriak taldeko kideek zera azpimarratu dute: "Hasieratik esan dugu hutsune baten kronika egiten ari ginela, eta hutsune horiek ere nabarmentzen saiatu gara". Bertso emanaldia ilustrazioen erakusketarekin osatuko dute. "Ilustrazioek giro bat edo paisaia bat sortzen lagunduko digute".
Udalak azaldu duenez, bi helburu dituzte ekitaldiak eta erakusketak. "Bata, iraganarekin lotuta dago: historikoki existitu ziren arren ahanzturak irentsi zituen emakume bertsolariak erreskatatu eta ezagutaraztea. Bestea, aldiz, orainarekin lotuta dago: garai bateko andre bertsolari haiek abiapuntutzat hartuta, gaur egungo emakume bertsolariei elkarrekin kantatzeko eta esperimentatzeko gune berriak eskaintzea. Orainmenean zubi moduko bat da, iragana eta oraina lotzen dituena".
Orioko saioan Uxue Alberdi, Ane Peñagarikano eta Nerea Elustondo bertsolariek hartuko dute parte. Gai-jartzailea, berriz, Amaia Agirre izango da.
Sarrerak astelehenean salgai
Emanaldia martxoaren 5ean, ostiralarekin, izango da, 19:00etan hasita. Ohi bezala, sarrerak aldez aurretik hartu beharko dira. Edukiera mugak direla eta, 70 sarrera egongo dira salgai, astelehen arratsaldetik aurrera. Kultur Etxean pertsona bakoitzak bi sarrera erosi ahalko ditu gehienez, bakoitza bost euro ordainduta.