Udal instalazioak irekita egongo dira berriro bihartik aurrera

IƱigo Gaiton 2021ko ots. 11a, 14:34

Datozen egunetan intzidentzia tasak beheranzko joerarekin jarraituko duela iritzi dio udalak, eta bihar, ostiralarekin, udal eraikinak irekitzea eta horietako zerbitzuak martxan jartzea adostu dute. Aldi berean, osasun neurriak zorrotz betetzen jarraitzea eskatu diete herritarrei.

Gaur eguerdian bilera egin du udalak osasun-larrialdia kudeatzeko osatutako lan-mahaiak. Pandemiaren eboluzioaren jarraipena egiteaz gain, duela bi aste hartu zituzten neurriak aztertu dituzte berriro. Izan ere, duela hamabost egun intztidentzia tasa asko igo zen herrian (1.200etik gora), eta Udalak erabaki zuen udal-instalazio guztiak bi asterako ixtea "herritarren osasuna eta segurtasuna zaintzeko" helburuarekin.: kultur etxea, musika-eskola, KTA erakina, Arraunetxe, euskaltegia...

Argitara eman berri duten oharraren arabera, bihar, ostiralarekin, ireki egingo dituzte berriro udal instalazio horiek. Azken egunotan herriko positibo kopurua "nabarmen" jaitsi dela adierazi du udalak, eta "datozen egunetan gehiago jaistea" aurreikusten dute.

Instalakuntzak irekitzearekin batera, horietan guztietan ematen diren zerbitxuak ere martxan jarriko dira berriro bihartik aurrera, salbuespen pare batekin: Gaztelekuaren zerbitzuak larunbatean abiatuko dituzte, eta Ludotekarenak asteazkenean.

Kiroldegiari dagokionez, larunbat goizean irekiko da, baina igerilekua erabili nahi dutenek itxaron egin beharko dute, udalaren arabera, "urak tenperatura jakin bat hartu behar duelako eta ez dago aldez aurretik zehatz esaterik noiz egongo den irekitzeko moduan. Larunbat arratsaldean edo igande goizean izan daiteke".

Ostegunean azoka egiteko aukera ere izango da berriro.

Segurtasun-neurriak zorrotz betetzeko deia

Udalak adierazi duenez, "pandemia-egoeraren segimendu zehatza" egiten jarraituko dute, eta egoerak hala eskatuz gero, "ez dute zalantzarik izango behar diren erabakiak hartzeko, lehentasuna herritarren osasuna delako".

Pandemiaren egoera "oraindik ere kezkagarria" dela uste du udalak, eta herritarrei "kontuz ibiltzeko eta segurtasun neurriak zorrotz betetzeko deia" egin diete, herriak oraindik eremu gorrian jarraitzen duelako. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide