Udalak oharra argitaratu du pandemiaren egoeraren gainean

Karkara 2021ko ots. 5a, 16:38

Orioko Udalak nabarmendu duenez, "osasun-larrialdiaren kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren ardura da eta berari dagokio neurriak eta prozedurak aplikatzea". Dena den, herriko egoera ikusita, joan den ostegunean bilera egin zuen udaleko lan-mahaiak, eta "Eusko Jaurlaritzaren dekretuak baino neurri zorrotzagoak hartzea erabaki zen, udal instalazio guztiak ixtea aginduz". 

Hau da, osorik, Oriok Udalak argitara eman berri duen oharra:

"Udalak lan-mahai bat sortua du osasun-larrialdia kudeatzeko eta lan-mahai hori aldiro biltzen da udaletxean, egoeraren jarraipena egiteko eta hartu beharreko neurriak aztertzeko. Bizi dugun osasun-larrialdiaren kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren ardura da eta berari dagokio neurriak eta prozedurak aplikatzea; hala ere, Orioko osasun-egoera ikusita, joan den ostegunean, alkateak deituta, bilera egin zuen Orioko lan-mahaiak eta bertan Udalak Eusko Jaurlaritzaren dekretuak baino neurri zorrotzagoak hartzea erabaki zuen aho batez eta, ondorioz, udal-instalazio guztiak itxi zituen inolako salbuespenik gabe. Horrekin batera, Udalak elkarlanerako prestutasuna adierazi zion Osasun Sailari eta udal-baliabide guztiak beren esku jarri zituen, unean uneko beharren arabera erabili ahal izateko.

Atzo, neurri horiek indarrean jarri eta astebetera, Udaleko lan-mahaia berriz bildu zen eta aurreko asteko neurriak bere horretan mantentzea erabaki zuen, berriro aho batez. Udal-instalazioetan eskaintzen diren zerbitzuek telematikoki funtzionatzen dute (musika-eskola, ludoteka…) nahiz eta irakasleak lantokian egon.

Kirolari dagokionez ere, udal-instalazio guztiak itxita daude. Kirolari profesionalek edo semi-profesionalek bakarrik dute aukera kanpoan kirol egiteko (arraunlariek, esaterako), betiere dagozkion neurriak hartuta.

Otsailean aurreikusita zeuden kultur ekitaldiak ere bertan behera gelditu dira egoera hobetu arte.

Udala jakitun da erabaki hauek zailak direla eta herritarrei zuzen-zuzenean eragiten dietela; baina, egoera ikusita, Udalaren eskumena diren zerbitzuetan herritarren osasuna lehenetsi du."

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide