Kiroldegiko bazkideek ez dute kuota ordaindu beharko itxierak irauten duen artean

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 30a, 17:00

Gutxienez otsailaren 11ra arte egongo da itxita Karela kiroldegia. Hainbat neurri adostu dituzte Orioko Udalak eta BPXport enpresak, "itxiera konpentsatzeko".

Baieztatutako kasu positiboen gorakada dela-eta, udal-ekipamenduak ixtea erabaki du aste honetan Orioko Udalak. Ostegunean, hilaren 28an, eman zuen erabakiaren berri, eta jakinarazi zuen gutxienez bi astez izango zirela itxita udalaren esku dauden kirol eta kultur instalazioak.

Beraz, Karela ere itxita egongo da, gutxienez, otsailaren 11ra arte. Orioko Udalak eta kiroldegia kudeatzen duen BPXport enpresak, ordea, gaur azaldu dute hainbat neurri adostu dituztela "itxiera konpentsatzeko".

Batetik, erabaki dute kiroldegiko bazkideek ez dutela kuota ordaindu beharko itxierak irauten duen artean. Momentuz, beraz, ez da beharrezkoa izango bazkidetza uzteko izapideak egitea. Karelako ateak berriz irekitzean, orekatu egingo dute bakoitzak ordaindu beharreko zenbatekoa; hain zuzen, ez da kobratuko kiroldegiak itxita egingo dituen egunei dagokien kopurua.

Bestalde, luzatu egingo dute "sarrera, ikastaro nahiz zerbitzu-bonuen iraupena", itxierak iraungo duen denbora bezainbeste. "Ikastaroak konpentsatzeko formulari" dagokionez, aurrerago xehatuko dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide