Udalerri guztiak ixtea eta bilkurak lau pertsonatara mugatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak

Onintza Lete Arrieta 2021ko urt. 22a, 14:58

Bilkuren mugak espazio pribatu zein publikoari eragingo dio, eta ondorioz, ostalaritza guneetan ere ezingo dira lau pertsonako taldeak baino handiagoak elkartu. Astelehenean sartuko dira neurriak indarrean.

Astean zehar aurreratu bezala, pandemiaren gorakadari aurre egiteko murrizketa gehiago ezarriko ditu Eusko Jaurlaritzak. Aldaketa berriak jasotzen dituen dekretua bihar, larunbata, argitaratuko da, eta astelehenetik aurrera gehienez lau pertsonako taldeak elkartu ahalko dira bai espazio pribatuetan, bai publikoetan –ostalaritza guneetan ere bai–, eta konfinamendu perimetrala Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri guztietara zabalduko da, kontuan hartu gabe herri bakoitza eremu gorrian dagoen ala ez. Euskal Autonomia Erkidegora sartzea eta handik irtetea ere debekatuta egongo da.

Labiren batzorde teknikoa gaur bildu da, eta esperotako neurriak hartu ditu. Dena den, argi azaldu du etxeratze agindua aurreratzea ere proposatzen zuela (gaueko mugikortasuna edo establezimenduak eta jarduerak ixteko ordutegia aurreratzea, zehazki esateko), baina horren inguruan akordiorik ez denez egon aste honetan Madrilen bildu den Lurralde arteko Kontseiluan, ez da aplikatuko halakorik. "Ez gatoz erabaki horrekin bat. Aukera bat galdu da adostasunaren bidez aurrera egiteko eta Autonomia Erkidego guztien artean adostutako prebentzio neurri berriak hartzeko, Estatu osoko kasuen hazkunde egoeran zirkuitulabur efektua eragiteko", azaldu dute. Eta zera gaineratu dute: "Gaueko jarduera mugatzeko ordutegia aurreratzeko aukerarik ez izateak esku hartzeko gaitasuna murrizten digu. Egiaztatu ahal izan dugu neurri horrek emaitza onak izan dituela hartu den Frantziako Departamentuetan".

Bestalde, orain arte indarrean zeuden murrizketei eustea erabaki dute, eta neurri nagusien laburpena ere egin dute, "horien garrantzia azpimarratzeko eta prebentzioan duten eragina berresteko":

  • Euskal Autonomia Erkidegoaren itxiera perimetrala eta udal mailako itxiera perimetrala.
  • Gaueko mugikortasuna 22:00etatik 06:00etara mugatzea.
  • Merkataritza eta kultura jarduerak gehienez 21:00etara arte izatea.
  • % 40ko edukiera 150 metro koadro baino gehiagoko merkataritza establezimenduetan, eta % 60koa 150  metro koadro arteko azalera dutenetan. Edukiera murriztuak, era guztietako kultura eta gizarte ekitaldietarako.
  • Kultu aretoetako gehieneko edukiera % 35era mugatzea.
  • Musika eta ahots entseguak eta emanaldiak bertan behera uztea.
  • Ostalaritza eta jatetxeak itxita egotea 20:00etatik 06:00etara.
  • 100.000 biztanleko intzidentzia-tasa metatua 500 edo gehiago duten udalerrietan itxita egotea ostalaritza eta jatetxe establezimenduak, eta joko eta apustu establezimenduak, eta etetea taldeko kirol jarduera.

Bestalde, Batzorde Teknikoak bere irizpenean azpimarratu du oso garrantzitsua dela "maskara behar bezala erabiltzea interakzio sozialean, baita, bereziki, barne espazioetan ere, ariketa fisikoa egiten den espazioetan barne".

Erabakia hartzeko arrazoiak

"Epidemiaren azken egunetako datuen bilakaeraren arabera, Euskadi, 5eko eskala batean, Transmisio Altuko 5. mailan kokatzen da intzidentziaren adierazleetan; 4. mailan erreproduktibitatearen adierazleetan, eta eragin asistentzialaren adierazlea 3. mailan mantentzen da. Aste honetan zehar, ziurgabetasun handiko testuinguru honetan, goranzko joera dagoela berretsi da, oraindik luzatu daitekeena", azaldu dute adituek gaur argitaratutako txostenean.

"Bilakaera epidemiologikoa oso kezkagarria da. Euskadiko intzidentzia tasak une honetan gure inguruko beste lurralde eremu batzuetan baino txikiagoak dira, baina egoera hori edozein unetan alda daiteke. Ez da erlaxatzeko unea, prebentzio ekintzan ahalik eta aurrerapen handienarekin jarduteko unea baizik", azpimarratu dute.

Erabakiak hartzerakoan, Labik hiru irizpide ditu kontuan: batetik, kutsatzeen kurba goranzkoa den bitartean, joera hori aldatzeko neurriak ezartzen jarraitzea; bestetik, eguneratzea indarrean dauden neurrien prebentzio-eragina, horiek balioetsiz eta berretsiz; azkenik, neurri berriak txertatzea, gerta daitezkeen kasuen eskalatze edo deseskalatze mailen arabera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide