Gorka Etxeberriak Euskadiko Ingude Txapelketa irabazi du

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko urt. 17a, 09:08

Gorka Etxeberria ingudearekin. (Joseba Ostolaza Harri Eskola)

Atzo jokatu zen txapelketa Abadiñon, eta oriotarrak 90 segundotan 87 jasoaldi eman zizkion ingudeari.

Euskal Herriko Ingude eta Lokotx Bilketa txapelketak jokatu zituzten atzo Abadiñon (Bizkaia), eta gizonen Ingude Txapelketan Gorka Etxeberria oriotarra izan zen nagusi. Lehia estua izan zen; 90 segundotan 87 aldiz jaso zuen ingudea oriotarrak, baina emaitza bera lortu zuen Josu Marturetek ere. Dena dela, berdinketa kasuetan lana aurrena egin duenari ematen zaio garaipena, eta Gorka Etxeberriak 2021eko txapela janztea lortu zuen atzo.

Kirolariak Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia irratsaioan azaldu zuenez, "ezustean" harrapatu du garaipenak. Izan ere, azken hilabeteetan harri-jasotzen aritu da nagusiki eta oso gutxi entrenatu du ingudearekin. Dena dela, "teknika hartuta" duela eta fisikoki ere "ondo" dagoela aitortu du. Josu Marturetek eta Josetxo Urrutiak egindako lana ere nabarmendu nahi izan du oriotarrak, 87 eta 86 jasoaldi egin baitzituzten, hurrenez hurren.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide