Pandemia egoera dela eta, aurten Txurrumuski aisialdi elkarteko kideek jasoko dituzte Errege Magoentzako gutunak. Horretarako, frontoian jarri dute hitzordua hiru egunetan: gaur igandea, bihar eta etzi. 11:30etik 19:00etara egongo da horretarako aukera aurreneko bi egunetan. Astelehenean, berriz, 10:30etik 12:30era eskainiko diete bitartekari zerbitzua herriko umeei.
Bestalde, Errege Magoen Desfilerik ez da egingo herriko kaleetan zehar urtarrilaren 5 honetan, baina Udalak bi emanaldi eskainiko ditu online: aurrenekoa 13:00etan, Bizar Zuri protagonista duena, eta bigarrena 19:00etan, Errege Magoekin. Biak Orio.eus eta Karkara.eus atarietan ikusteko aukera egongo da.