Sofbolaren gorengo mailan bidea eginez

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko abe. 16a, 13:38

Rebeka Carrerak eta Miren Gozategik Espainiako Ohorezko Sofbol Liga eta Erreginaren Kopa irabazi dituzte Madrilgo Rivas taldearekin. Europako Txapelketa jokatuko dute abuztuan.

Ezezaguna da sofbola herritar askorentzat, baina Rebeka Carrera eta Mirentxu Gozategi oriotarrek Espainiako Ohorezko Sofbol Liga eta Erreginaren Kopa irabazi berri dituzte Madrilgo Rivas taldearekin. "Urte zaila izan da aurtengoa, hilabeteak bakarrik entrenatzen aritzeaz gain, ez genekielako partidak jokatzeko aukerarik izango genuen. Talde izaerari eusteko Zoom aplikazioaren bidez entrenatzen aritu ginen konfinamendu garaian, eta azkenean, emaitza onak lortu ditugu", azaldu du Rebeka Carrerak.

Miren Gozategiren ustez, aurtengoa "lorpen bikoitza" izan da. "Alde batetik, koronabirusaren garaian liga eta kopa irabaztea lortu dugu. Eta bestetik, abuztuan Italian jokatuko den Europako Goi Mailako Sofbol Txapelketarako txartela ere irabazi dugu. Iaz ere lortu genuen, liga eta kopa irabaztea, baina bulegoetan erabaki zen 2019ko emaitzak kontuan ez hartzea Europarako Txapelketarako. Horregatik, oso garrantzitsua izan da guretzat bigarren urtez jarraian bi txapelketetan nagusitzea, Europako talde onenen aurka goi mailan aritzeko gai garela erakutsi dugulako", dio Gozategik.

Espainiako Selekzioa
Talde mailan emaitza bikainak lortzeaz gain, Carrera eta Gozategi Sofbol Selekzio Absolutuan ere badabiltza. Gozategi fisioterapeuta da selekzioan. "Garai batean selekzioko jokalaria izan nintzen, eta orain fisioterapeuta laguntzailea naiz", zehaztu du. 

Carrera, bestalde, selekzio absolutuko jokalaria eta jubenil mailako selekzioko entrenatzaile laguntzailea ere bada. Aurreko asteetan, esaterako, Espainian zehar ibili zen kirola ezagutaraziz. "Espainiako Kirol Kontseilu Gorenarenak Emakumea eta Kirola izeneko dirulaguntzak eman dizkie federazioei. Horren bidez, sofbolak indar gutxi duen autonomia erkidegoetan izan gara, Kanariar Irletan eta Andaluzian, sofbola ezagutzera emateko".

Duela ia 25 urte hasi zuen sofboleko ibilbidea oriotarrak eta gustura dago lortutakoarekin. «14 urterekin hasi nintzen sofbolean jokatzen Orioko Bate Bizkorrak taldean. Manu Peña Ikastolara etorri zitzaigun kirola erakustera, gustatu eta gaur arte. 2006ean, Italiako Sofbol Ligan jokatzeko aukera eskaini zidaten profesional gisa, eta 2011 arte aritu nintzen bertan». 2012an erabaki zuen etxera bueltatzea eta Atletico San Sebastian taldeko jokalaria eta jubenilen taldeko entrenatzailea izan zen, 2019 denboraldi amaiera arte. Oriotarra zorteduna sentitzen da zaletasuna ogibide bihurtu duelako. «Eusko Jaurlaritzak Basque Team bekak ematen dizkigu kirol olinpikoetako selekzioan aritzen garen kirolarioi». Horri esker Carrerak sofboletik bizitzeko aukera du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide