Haatik Dantza Konpainiaren eskutik, oriotarrek ostiral honetan izango dute Errimak bi oinetan ikuskizunaz gozatzeko aukera, Karela kiroldegian. Izatez 22:00etan hastekoa zen emanaldia, baina alarma egoera berrian ezarri dituzten neurri murriztaileen barruan, etxeratze agindua izango da indarrean 23:00etatik 06:00etara. Hortaz, ikuskizuna bi ordu aurreratzea erabaki du Orioko Udalak: 20:00etan hasiko da, aurreikusitako lekuan.
Bertaratzeko asmoa dutenek aldez aurretik erosi beharko dute sarrera, 5 euroan, kultur etxean. Pertsona bakoitzak bi txartel eskuratu ahal izango ditu, gehienez. Plazak mugatuak izango dira Karelan; hain zuzen, 260.
Bestalde, udalak jakinarazi duenez, dagoeneko sarrera erosi baina, ordu aldaketa dela eta, azkenean agertu nahi ez dutenek, kultur etxera jo dezakete. Txartela itzultzeko eta ordaindutako dirua bueltan jasotzeko aukera izango dute.