Hamaika urte pasa dira dagoeneko herrian kontsulta zabaldu nuenetik. Ingalaterran osteopatia ikasketak egin eta hona itzulitakoan, arreta piztu zidan zerbaitek: hango gizartearekin konparatuta, hemen, orokorrean, kasu gutxiago egiten zitzaion gorputzaren zainketari. Garbi ikusi nuen hori, Orion lanean hasi eta aurreneko urteetan.
Jarraitu aurretik, joera hori pixkanaka aldatzen joan dela nabarmendu nahiko nuke. Gaur egun, gazte, heldu eta edadekoek kontzientzia handiagoa dugu ongizate orokorrarekiko. Hain zuzen ere, horri heldu nahi diot, niri dagokidan esparrutik; osteopatiatik, zehatzago esanda.
Osteopatiak ikuspuntu holistikoa du gorputza ulertzeko, eta hori izan zen, nagusiki, ikasketak egitera bultzatu ninduena. Lesio desberdinak artatzeko, arazoaren sustraira jotzen du osteopatiak, errora, eta teknika asko eskaintzen ditu gaixotasun edo lesio desberdinei erremedioa jartzeko.
Hemen, lehen behintzat, jendeak minarekin bakarrik jotzen zuen gure kontsultara. Ingalaterran, berriz, hortzak egunero garbitzen ditugun modura, bizkarrezurraren zainketa maiztasunez egiten den zerbait da, modu batera edo bestera. Osteopatia oso sartua dago hango gizartean, eta, minik izan gabe ere, ohikoa da kontsultetara jotzea, gorputzeko artikulazioak askatzera eta bizkarrezurrari “mantenu lanak” egitera. Haurdunaldi prozesuetan ere, adibidez, osteopatek lan asko egiten dute, eta jaioberriekin ere bai.
Aipatu dudan bezala, hemen ere ari gara gure ohiturak aldatzen, eta gero eta jende gehiagok jotzen du gurera bizkarrezurreko mantenu hori egitera, autoari aldikako azterketak egiten zaizkion bezalaxe. Bizkarraren zainketa ondo eginez gero, besteak beste, artrosiak edo herniak ekiditeko edo atzeratzeko aukera izaten da. Bizkarrari zainketa ona ematen dion pertsonak, ondo ezagutzen ditu horren onurak eta ongizatea.
Dena den, oraindik ere, jende asko etortzen zaigu gaixotasun aurreratuekin; artrosiarekin dezente, adibidez, eta hor gutxi egin daiteke. Mina arindu bai, baina sendatu ez. Berandu konturatzen gara askotan.
Osteopatiaz gain, ariketa fisiko moderatua ere ona da bizkarraren mantenurako, eta orokorrean, gorputzarentzat. Gure kasuan, pilates, “core”, hipopresiboak eta aerobic klaseekin proba egitea erabaki genuen osteopatiaren osagarri modura, eta jende gero eta gehiago dabil saioetan, zahar eta gazte. Gihar eta artikulazioen mugikortasuna asko lantzen dugu, eta aukera guztiak dira egokiak bizkarrezurra, eta gorputza orokorrean, sendo mantentzeko. Agurtzane irakasleak duen ezagutza eta energiarekin, zuzen-zuzen ateratzen dira denak gelatik! kar kar kar
Bestalde, gure bizimodua gero eta sedentarioagoa da, eta horrek zainketa lan gehiago eskatzen du. Jakina da: gorputza gero eta gutxiago mugitu, arazo gehiago. Hortaz, komeni da, adibidez, ordenagailuaren aurrean zortzi ordu egon ondoren, gorputzari mugimendua eta askatasuna berreskuratzen laguntzeko pilates edo bestelako ariketak egitea, etorkizuneko lesioak ekiditeko. Lan sedentarioak, epe luzera, posturalki asko aldatzen du gorputza, lesio eta gaixotasunak izateko arriskua areagotuz.
Lehen ere aipatu dudan arren, aholku batekin bukatuko dut artikulua: ez egon mina azaldu zain, eta, tarteka, egin gorputzeko atal desberdinen azterketa eta mantenua—bizkarrezurra, hortzak, oinak,…—. Gorputzak eskertuko dizu, epe ertain luzera.