Duela urtebete edo aterako nuen argazkia, Landetara egindako egunpasa batean. Bolada hartan, buelta dezente egin genituen hara, olatu lehor eta borobilen bila. Goizean Capbreton aldera jo genuen, eta, egia esan, ez genuen beste munduko olaturik hartu. Gero, bazkalostean, beste hondartza batera mugitutakoan, kristoren olatuak ikusi genituen dunen artetik. Bi surflari bakarrik zebiltzan olatu artean; halakoak ez dira askotan tokatzen! Aparkalekura presaka itzuli, neoprenozko jantziak kolpetik jantzi, eta korrika joan ginen uretara Orioko kuadrillatxoa: Lander, Paulo, Atxega, Elus, Xubi… Lagunak olatu bat bestearen atzetik hartzen aritu ziren bitartean, uretatik argazkiak ateratzen ikaragarri gozatu nuen nik, argia ere zoragarria zelako.