Euskaraldia 2020

"Guk euskaraz jaso dugu arrauna, eta euskaraz eman nahi diegu ondorengoei"

Karkara 2020ko urr. 4a, 08:53

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da aurten, bigarrenez, Euskaraldia, eta hainbat berrikuntza izango ditu. Izan ere, aurten, norbanako bezala (ahobizi edo belarriprest izanez) parte hartzeko aukeraz gain, taldean egiteko aukera ere egongo da arigune-en bidez.

Orion, esaterako, hainbat merkatari, ostalari eta eragilek osatu dute Euskaraldia babesten eta sostengatzen duen hamalaukoa. Orio Arraunketa Elkartea izango da parte hartuko duen eragileetako bat. Imanol Urkizu elkarteko zuzendaritzako kidearen testigantza da hau:

"Orio Arraunketa Elkartean euskaraz ari gara lanean. Gure ontzietako estrapuen hariak elkar josten ari gara mendez mende. Euskararen hari gara eta ari gara. Zuzendaritza bilera denak euskaraz astelehen gauero. Arraunlariekin eta entrenatzaileekin euskaraz. Orio arrauna da eta arrauna euskara da. Guk euskaraz jaso dugu arrauna, eta euskaraz eman nahi diegu ondorengoei. Ezin da bestela izan. Euskaraz joan ginen balearen bila patroi banarekin, euskaraz Manuel Olaizola eta Loidirekin, Uranga Atxaga ta Manterolarekin. Eta halaxe segi nahi dugu arraunean euskaraz izen berriekin; Nadeth Agirre eta Zabaletarekin, Gorka Aranberri ta Salsamendirekin, Jon Lizarralde eta Larrañagarekin, Olasagasti eta Piñeirotarrekin, Valenciaga eta Davidenkorekin, Salvagno, Arruti eta Ayestaranekin... Hari gara eta ari gara!"

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide