Gari Urangak ZAEko traineru nagusiaren entrenatzaile izateari utziko dio, arrazoi pertsonalengatik, eta Asier Puertasek hartuko du, aurrerantzean, taldearen gidaritza. Zarauzko arraun elkarteko presidente Jon Artolak azaldu duenez, abuztuaren erdialdean jakinarazi zion Urangak erabakia zuzendaritzari. "Dena dela, play-offa jokatzea tokatu zitzaigunez, nahiago izan genuen berria aurrerago eman, arraunlariek arreta galdu ez zezaten". Atzo itxi zuten ofizialki 2019-2020 denboraldia, eta Urangak taldeari bere erabakia azaltzeko aprobetxatu zuen hitzordua. Albisteak arraunlariei ezustean harrapatu bazien ere, Urangak azalpenak entzun ondoren, erabakia ulertu zutela adierazi du elkarteko presidenteak. "Hunkigarria izan zen agurra".
Gari Urangaren erabakia jakin zutenetik, entrenatzaile egokia aurkitzeko lanean aritu dira ZAEko zuzendaritzako kideak, eta atzo bertan aurkeztu zieten entrenatzaile berria arraunlariei. "Asier Puertasek garaipen-zerrenda luzea du arraunean, denetik irabazi baitu. Hondarribiko arraunlaria izan da urte askotan eta B ontziko entrenatzailea azken hiru urteetan. Nahi genuen Gari Urangak egindako lanari jarraipena emango zion entrenatzaile bat aurkitu. Horretarako egokiena Asier Puertas dela iruditu zaigu, eta eskertuta gaude berak ere gu aukeratu gaituelako, beste hainbat eskaintza bazituen eta".