Euskaraldia 2020

"Norbaitek nire hizkuntza zein den galdetzen didanean, euskara dela erantzuten diot"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko urr. 3a, 18:00

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da aurten, bigarrenez, Euskaraldia, eta hainbat berrikuntza izango ditu. Izan ere, aurten, norbanako bezala (ahobizi edo belarriprest izanez) parte hartzeko aukeraz gain, taldean egiteko aukera ere egongo da arigune-en bidez.

Orion, esaterako, hainbat merkatari, ostalari eta eragilek osatu dute Euskaraldia babesten eta sostengatzen duen hamalaukoa. Errusta taberna da Euskaraldian parte hartuko duen establezimenduetako bat. Arantxa Ibar Atxega arduradunaren testigantza da hau:

"Ni Sevillan [Andaluzia, Espainia] jaio nintzen, eta duela hamar urte iritsi nintzen Euskal Herrira. Euskara ikasteko ahalegina egin dut, eta gaur egun norbaitek nire hizkuntza zein den galdetzen didanean, euskara dela erantzuten diot. Hala, garrantzitsua iruditzen zait euskararen erabilera sustatzeko ekimenak sortzea, eta, horregatik, erabaki nuen Euskaraldian parte hartzea. Izan ere, ostalaritza arloan euskaraz hitz egitea garrantzitsua dela iruditzen zait. Hasieran, Donostian bizi nintzen eta Oriora lanera etorri nintzenean euskaraz ez nekienez, kosta egiten zitzaidan tabernara etortzen ziren adinekoekin komunikatzea. Hitz gutxi batzuk ikasi nituen, eta lau hilabete pasa nituen bezero batekin egunero elkarrizketa bera izaten. Orduan ohartu nintzen euskara jakitea oso garrantzitsua zela, eta pixkanaka ikasten joan naiz. Lagunek eta bikoteak asko lagundu didate ahalegin horretan".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide