Orion, esaterako, hainbat merkatari, ostalari eta eragilek osatu dute Euskaraldia babesten eta sostengatzen duen hamalaukoa. Entitateek izena emateko epea irailaren 27an bukatuko da, eta urritik aurrera irekiko dute norbabakoak inskribatzeko aukera.
Kutixi kafetegia da Euskaraldian parte hartuko duen establezimenduetako bat. Hau, Nerea Etxeberria hango arduradunaren testigantza:
"Kutixin lan egiten dugun guztiak euskaldunak gara eta ingurua euskalduna dugu. Horregatik, lehen hitza euskaraz egiten saiatzen gara beti kafetegian, nahiz eta ez dakienarekin gaztelaniaz hitz egiten dugun. Dena dela, uste dut ostalariok eta merkatariok badugula zer hobetua arlo horretan. Ahalegindu beharko genuke euskararen presentzia handitzen gure establezimenduetan. Izan ere, bezeroei zuzendutako oharrak erdaraz idazteko ohitura izaten dugu, horrela herritar guztiek ulertuko dutela pentsatuta. Batzuetan euskaraz modu zuzenean idazten ez dakigulako ere hartzen dugu erabakia. Keinu txikiekin urrats garrantzitsuak egin ditzakegu euskara sustatzeko."