Urriaren 2an, ostirala, kontzertua izango da Orioko Arraunetxeko aretoan: Manez eta Kobreak musika-taldeko kideak ariko dira, 19:00etan hasita. Izatez, abuztuan eta plazan zen egitekoa emanaldi hau, baina eguraldi txarra zela eta, atzeratu egin behar izan zuten. Hortaz, urriaren hasieran izango da taldeaz gozatzeko aukera.
Sarrera doakoa izango bada ere, interesdunek gonbita txartela jaso beharko dute aurretik. 80 gonbita banatuko dituzte guztira, eta eskuragai daude jada, Orioko kultur etxean. Pertsona bakoitzak bi sarrera hartu ahal izango ditu gehienez.
"Musika tradizionala eta gaur egungo soinuak" uztartzen ditu Manez eta Kobreak taldeak, udalaren esanetan. "Iparraldeko tradizioari segituz, garrantzi handia ematen diote ahotsari beren kantetan", gaineratu du. Thierry Bizkari artista baxenabartarrak (Kalakan taldeko kide zena), Ana Telletxeak, Fermin Garaikoetxeak, Vianney Desplantesek, Bixente Etxegaraik, Laura Etxegoienek eta Mixel Ducauk osatzen dute taldea.