Zer nabarmenduko zenuke ahitzear den denboraldiaz?
Aurreneko gauza, aurreikusitako estropada guztiak jokatu direla. Gizartea nola dagoen kontutan hartuz, arraun munduaren lorpen handia izan da denboraldia egin izana. Udaberrian lan asko egin juten zuzendaritzek, ligak, telebistak eta, batez ere, arraunlariek.
Eta kirol esparruan?
Emakumezkoei dagokionez, Orio gainontzekoen gainetik egon da. Gero, koska bat beherago, Donostiarra, eta beherago besteak. Desberdintasun horrek erakusten du emakumzekoen arrauna egiten eta egituratzen ari den kirola dela oraindik ere.
Gizonezkoen kasuan, historiako denboraldirik berdinduena izan da abuztu erdialdera arte. Ikaragarria izan da sei traineruk banderak irabazteko izandako lehia. Horrek hausnarketarako bide izan behar duela iruditzen zait, arraunaren etorkizunari forma ematen joateko. Aurrerantzean banderen borrokan traineru gehiago ibiliko badira, kale-zozketek eta halako kanpoko faktoreek sekula baino eragin handiagoa izango dute emaitzetan; arraun munduak erabaki beharko du horrela izatea nahi den, edo zerbait aldatzeko garaia iritsi den.
Tripulazioek uretan ohi baino dezente gutxiago entrenatu zuten udaberrian, osasun larrialdiaren ondorioz. Atzeman al da?
Denborak ez dira beste urtetan baino askoz txarragoak izan. Egia esan, errekorrik ere ez da egon. Ikaragarrizko markarik egin ez arren, taldeek markatu dituzten denborak errespetagarriak izan dira, lehiakorrak. Talde askok iaztik egina zuen “blokea”, eta, ziurrenik, horrek eragina izan du.
Zer iruditu zaizu etxeko traineruen errendimendua?
Emakumezkoak nagusi izan dira. Datuak eta emaitzak aztertu besterik ez dago horretaz jabetzeko. Kontxako bigarren igandean egin zuten estropada da denboraldia zer izan den azaltzeko laginik onena.
Gizonezkoen kasuan, aurten 6 traineru ibili dira ligako goiko postuetan, eta Orio horietako bat izan da. Lorpen handia da hori elkartearentzat. Lehiakor ibili izanagatik, ordea, iaz baino estropada gutxiago irabazi dira. Iazko urtea ikaragarri ona izan zen, eta, zoritxarrez, horrek pisu handia du aurtengoren pertzepzioan. Beharbada, Hondarribiak eta Zierbenak urratsa eman dute aurrera azken asteetan, eta oriotarrei hori falta izan zaie.
Hala ere, gustatu zait ikusitakoa; betiko Orio berreskuratzen ari garela iruditzen zait. Getxon, adibidez, harrobiko bederatzi mutilekin irabazi zen, eta hori hor geratzen da. Gainera, gazte gehiago ere ibili dira traineruan: Altxerri, Aiestaran, Orortegi...
Estropadak publikorik gabe jokatu direnez, atzeman al duzue gorakadarik telebistako audientzian?
Bai, batez ere Zarauzko estropadatik aurrera. Ez sinesteko zenbakiak izan dira. Konparatze aldera, ideia bat egiteko, eskupilota finaletik gorako audientzia izatera iritsi gara.