Analisia: Dantza

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko abu. 17a, 13:30

Argazkia: Aitor Arrizabalaga - Euskotren Liga

Astero bezala, hona hemen Gorka Peñagarikano Goikoetxeak Urola Kostako HITZA egunkarirako eginiko asteburuko arraun jardunaldien analisia.

Pasa den asteak izan ditu goiz argi eta arratsalde iluneko hainbat egun. Eguraldi aldaketa egunak, galerna egunak; goizeko eguzkia estaltzeko eta kaleak bustitzeko adinako lainoak sartu izan dira ipar mendebaldetik, haizeak lagunduta. Batzuen zorionerako eta besteen zoritxarrerako, larunbata ere bide beretik joan zen. Iragarri zen, eta hala gertatu.

Eremu neutro eta nobletzat kalifikatu ohi da Zarauzkoa, itsaso zabalean, beste eremu askotan ez bezala, normalean behintzat, kaleen arteko diferentzia ez delako oso agerikoa izaten. Traineruei olatua zuzenean sartu ohi zaie Zarautzen, eta ia inoiz itsasoa bare egoten ez denez, etekina ateratzen jakiten edo asmatzen duenak saria eskuratzen du, izan sailkapenerako puntutan edo izan banderaren lehian. Beraz, bi jardunaldietan olatuarekin kanporantz eta barrurantz asmatzea izan ohi da giltzarri nagusietako bat.

Ezaugarriok erabat itsustu zituen larunbateko saioak, lanerako baldintzak are okerragoak bihurtu baitziren arratsaldea aurrera joan ahala. Hirugarren txanda heltzerako zeharo gaiztotu zen giroa. Horren erakusle, traineru guztiak palka txikiarekin ikustea. Iragarpenak bete egin ziren: gora eta gora egin zuen haizeak. Lantza giro bete-betea. Kaleen arteko desoreka txikien ideia guztiz desitxuratu zen, izan ere, laugarrenetik joatea zigor galanta izan zen traineruentzat. Salto eta brinko, zitala izan zen kalea. Zarauztarrek ez zuten asmatu sartu zen enbatarekin, ezta Urdaibaik ere azken txandan –azkena egin zuen–; asmatu zuen bakarra, ordubete pasatxo lehenago eta orduan eguraldia ez zela hain gaiztoa, Orio izan zen Euskotren Ligan: laugarren kaletik egin zuen arraun eta besteak baino hamar segundo azkarrago helmugaratu zen. Ez zirudien orduan hain txarra zenik azken kalea, izan ere, bukatu ere, ia bosgarrenetik bukatu zuen hirugarrenetik joan zen Donostiarrak ere.

Dantza egin zuen larunbatean gizonezkoen sailkapenak; igandeko txandak ikusi besterik ez daude. Ohorezko txandan aritu ohi diren bi traineru lehen txandan irten ziren, eta Orio, bigarrenean, sailkapeneko behealdeko traineruekin. Sekulakoa izan zen larunbateko puntu-dantza, sailkapena ere halaxe irauli zen, eta, bandera, Zarauzko Ikurrina, nahiko arraroa bada ere, bigarren jardunaldiaren faltan oso bideratuta geratu zen ezusteko handirik ezean. Dantza, lantza giroan; dantzan jarri zen guztia.

Ustekabeak ustekabe eta ezbeharrak ezbehar, abuztuaren erdialdera heldu eta banderarik estimatuena jokatu ondoren ere ez da ezer argirik ikusten gizonezkoen sailkapenean. Urrezko puntu batzuk erdietsi ahal izan zituen Oriok larunbatean, azken olatuan, eta igandeko saioarekin asteburukoa salbatu ahal izan zuen; orain, bigarren da lidertzatik bost puntura. Behealdean, berriz, hortxe-hortxe dago kontua: play-offerako bi asteburu gogorren faltan, lau traineru hiru puntuan dira. Ezusteko handirik ezean, Kaikuk beteko du jaitsiera zuzenaren azken postua.

Emakumezkoetan, berriz, liga matematikoki irabazita izatearekin konformatu ez eta, bigarren urtez jarraian, Zarauzko Ikurrina etxeratu zuten asteburuan oriotarrek. Fin eta sendo, larunbateko errenta polita bikoiztu eta guzti egin zuten igandean. Gozatzera irtengo zirela adierazi zuten estropadaren atarian, eta nola gozatu ere. Hala, baina, dagoeneko liga amaitu da emakumezkoentzat. Iaz erraz aritu baziren, aurten are errazago aritu dira horiak: 48 puntu posibletik 46 irabazi dituzte, eta 10etik 8 bandera. Talde sendoa osatu dute, konfiantza ematen duen horietakoa, proiekzio handikoa; etorkizun oparoa datorkio San Nikolas ontziari. Aurrez baina, aurtengoa. Ospakizun garaia datorkie orain, baina denboraldia ez da amaitu: hiru asteko lehiaketarik gabeko oporraldi/prestaketa lanak egin beharko dituzte azken txanparako, Kontxarako. Urtearen dinamika ikusita, zalantza izpirik gabe, beraiek dira faborito nagusiak. Denboraldia borobila izaten ari bada, ea gehiago borobiltzeko gai diren iraileko lehen bi igandeetan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide