Analisia: Sufritzeko moduko abuztua dator

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uzt. 28a, 12:17

Asteartero bezala, hona hemen Gorka Peñagarikano Goikoetxeak Urola Kostako HITZA egunkarirako eginiko asteburuko arraun jardunaldien analisia.

Aurrera egin behar izaten da zentzuzko balorazioak egiteko. Hastea soilik ez da nahikoa izaten norberaren ahulezi eta indarguneez jabetzeko.

Gizonekoen denboraldia heldu da ekuatorera (emakumezkoei lau estropada falta zaizkie bukatzeko) eta, jada, norberak badaki norantz egiten duen arraun; denboraldi hasierako aurreikuspenak betetzeko gai den ala helburu berriengatik borrokatu behar duen. Iritsi da uztailari agur esateko unea.

Inoizko denboraldi aurre arraroena bizi izan zuten arraunlariek. Inoiz baino gimnasioko eta uretako ariketa eta entrenamendu gutxiago egin dituzte, eta, aldiz, inoiz baino gehiago astindu dute ergometroa. Bakarka eta etxeko lau pareten artean, gainera. Izan dute astirik ergometroarekin maitemintzeko (mintzeko gehiago, akaso), haserretzeko, elkar nazkatzeko, barrenak husteko zein uzteko, kezkak partekatzeko. Zenbat aldiz galdetuko ote zioten trastu zaharrari uda honetan lehiatu ahal izango zuten ala neguko lana popatik hartzera bota behar zuten.

Ligak jokatuko zirela jakin zenean, bakoitzak bere aurreikuspenak egin zituen Norberak bere lanak eginak izango zituen, baina trainerua aurrera joaten ikusi ezean, zinez zaila egingo zitzaien jakitea, ideia orokor bat egitetik harago, nola aurkitzen zen taldea.

Kontua da konturatzerako pasa dela uztaila, liga erdia jokatu dela eta norberak badakiela zerrengatik borrokatu dezakeen abuztuan. Egia da inor gutxi ari dela izaten erregularra emaitzetan: Orioko emakumezkoak, salbu. Fintasun horrek eraman du errenta esanguratsua lortzera, bigarren liga izan daitekeena irabazte bidean; bideratu samar daukatela dirudi zortzi estropadatik seitan azkarrenak izanda. 

Zarauztarrak, berriz, oso lehiakor ikusten dira Eusko Label Ligan. Lekeitioko estropada oso baliagarria izan zitzaien aurrekoei puntuak murrizteko eta Kaikuri aldea handitzeko, finean, play-offeko borroka horretatik zertxobait aldentzeko. Eta Orio, azkenik, igandean aspaldiko posturik txarrenean sailkatu arren, lidertzatik inoiz baino gertuago da. Beheko borroka gozoa badago, goikoa ere ez da makala: lau traineru, lau puntuan. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide