02:00etarako itxi beharko dira tabernak

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uzt. 24a, 13:01

Orioko eta inguruko herrietako COVID19 agerraldiak direla eta, gaurtik aurrera, establezimenduak 02:00etarako ixteko neurria jarri du indarrean udalak, tabernariekin adostuta.

COVID19 kasu positiboak atzematen ari dira azken egunetan herrian. Orioko Udalak aditzera eman duenez, "gaueko taberna-giroan kutsatutako gazteak dira batez ere". Inguruko herrietan tabernen ordutegiak murriztu zituzten, Zarautzen adibidez, eta udala "kezkatuta" dago jendea kanpotik etorri eta pilaketak sor daitezkeelako Orioko tabernetan eta inguruetan.

Uztailaren 23an, ostegunean, Orioko Udala herriko ostalaritza-establezimenduetako arduradunekin bildu zen, neurriak adosteko eta herritarren segurtasuna bermatzeko. Hartutako neurriak "behin-behinekotzat" jo ditu, "egoera epidemiologikoaren bilakaeraren arabera eta inguruko udalekin koordinatuta" erabakiko baita noiz arte izango diren indarrean. Arau-hausteak tabernaren titularraren ardura izango dela azpimarratu dute zabaldutako oharrean.

Bestetik, dei egin die ostalariei higiene- eta segurtasun-neurriak zorrotz betetzeko, baita erabiltzaileei ere.

Honakoak dira hartutako neurriak:

  • Ostiraletan, larunbatetan eta jai bezperetan, bigarren eta hirugarren kategoriako taberna eta establezimenduen ordutegia 02:00etara murriztuko da.
    • Bigarren kategoriako establezimenduen egun arruntetako ordutegia ez da aldatuko: 01:30ean itxi beharko dituzte, orain arte bezala. Hirugarren kategoriakoek ere itxita egon beharko dute 02:00etan, astelehenetik igandera.
  • Baimendutako terraza batean ez bada, guztiz galarazita dago tabernatik kanpo kontsumitzea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide