Igande eguerdian Orion jokatuko dituzte Eusko Label eta Euskotren ligetako estropadak. Anuska Esnal alkateak COVID-19aren hedapenari dagokionez eskualdean "kezkatzeko motiboak" badirela uste du, eta "arduraz jokatzeko unea" dela. Hori dela eta, eskatu du ez joateko igandeko estropadak ikustera, herrian jende pilaketak izatea saihesteko.
"Arraunzale guztiok nahi izaten dugu gure neska-mutilak zuzenean animatu eta estropada-giroa bertatik bertara gozatu, baina bizi dugun egoera honetan, zuhurtzia, ardura eta elkartasuna eskatu behar diegu herritarrei. Etorriko dira berriro garaiak estropadak lehengo eran gozatzeko, baina, gaur-gaurkoz, ekintza solidarioa da etxean geratu eta gure arraunlariak telebistaz ikusi eta animatzea", gaineratu du alkateak zabaldutako oharrean.