Ireki dituzte hauteslekuak, eta gaur egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak bereziak izango dira, koronabirusak eragindako egoerarengatik, ezohiko babes eta segurtasun neurriak hartzen ari baitira. Botoa emateko orduan maskara erabiltzea, tartea zaintzea eta eskuak garbitzea izango dira betebeharreko neurri nagusiak. Gainera, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak aholkatu du botoa etxetik prestatuta eramatea.
Orioko Kultur Etxean esaterako, sarrerako aldapatik sartu behar dute herritarrek, eta segurtasun neurriak errespetatuz ilara itxaron ondoren, sarreran eskuak garbitu behar dituzte hidrogelarekin. Txandaka sartu behar dute hauteslekura, eta kultur etxeko aretoan bi mahai daudenez, aretoan bi boto emaile soilik egon daitezke. Hala, botoa emandakoan aretoko atzeko atetik irten behar dute, ilaran daudenekin ez gurutzatzeko.
Herritarrek boza emateko aukera izango dute iluntzeko 20:00ak arte. Hautesle-erroldaren arabera, Orion 4.460 lagun daude deituta botoa ematera, eta Euskal Autonomia Erkidegoan, guztira, 1.718.323 herritarrek izango dute boto eskubidea.
Gaurkoan, Gipuzkoan hamalau hautagai zerrenda aurkeztu dituzte igandeko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako: EAJ, EH Bildu, PP-Ciudadanos, PSE-EE, Elkarrekin Podemos-IU, Pacma, Recortes Cero-Grupo Verde, Bidezko Mundurantz, Euskadiren Aldeko Libreak, Equo Berdeak, Aulki Zuriak, Vox, UCDE eta Alderdi Libertarioa.