Konfinamenduaren ondoren, herritarrek berriz kalera irteteko aukera izan eta aste gutxira, ostalaritza establezimenduek euren ateak zabaldu zituzten Espainiako eta EAEko Gobernuek baimenduta. Udalerri askok, tartean Orioko Udalak, herriko taberna eta jatetxeei terraza handitu eta zabaltzeko aukera eman zieten, segurtasun distantziak eta bezero kopurua mantendu ahal izateko.
Udalak adierazi du momentuan hartutako erabaki bat izan zela, ostalariei laguntzeko. Udalak agindua emana du jada terraza guztiak lehengoratzeko, eta jakitera eman duenez, tabernari gehienek berehala murriztu eta lehengo neurrietara ekarri dute beraien terraza. Establezimendu gutxi batzuk, aldiz, ez; egun hauetan udaltzainen bisita jasoko dute eta jakinarazpen bana emango zaie.