Polizia operazio zabala egin berri du Guardia Zibilak Euskal Herrian eta Errioxan (Espainia), eta 25 pertsona atxilotu ditu droga trafikoa egotzita. Atxiloketetako bat Orion egin dute, eta antza, herriko etxebizitza batean droga laborategi bat zeukan taldeak. Beste laborategi bat ere atzeman dute, hori Nafarroako Arguedas herrian. Nafarroan egin dituzte atxiloketa gehien, 17; Gipuzkoan bi; Errioxan hiru eta Huescan bi (Espainia) eta bat Virsac-en (Frantzia).
Poliziaren arabera, atxilotuei 114 kilo speed, 104 kilo marihuana, 26 kilo anfetamina likido eta 100.000 euro atzeman dizkiete operazioan, baita substantzia gehiago ere. Armak ere bazituzten. "Espainiako speed ekoizpen handiena osatzen zuen talde honek", esan du prentsa oharrean Guardia Zibilak.
Droga operazioa iazko otsailean abiatu zuen Guardia Zibilak. Poliziaren arabera, atxilotuek alokairuko autokarabanak erabiltzen zituzten droga garraiatzeko, eta familia bidaia turistikoen itxura egiten zuten. Hala, Europako puntu batzuetatik Nafarroara ekarri eta eramaten zuten droga nahiz dirua.