Hastera doa denboraldia

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uzt. 3a, 09:35

Arraunlari eta prestatzaileak lehian hasteko gogoz dira. Ezjakintasuna eta ziurgabetasuna da nagusi, baina asteburu honetan ikusiko da traineru bakoitza lehian non kokatzen den

Hainbeste zalantza, kezka, kexa eta iradokizunen artean, bueltan da goi-mailako arrauna. Aurreko astean egin zuen ligaren aurkezpena Traineruen Kluben Elkarteak. Bertan izan ziren taldeetako ordezkari, prestatzaile zein arraunlariak. Denboraldiari ekin eta aurrera-bidean jartzeko gogoz agertu ziren. "Ilusioa" aipatu zuen elkarteko presidente Borja Rodrigok, "ligari ekiteko ilusioa". Marra gorriz nabarmendu zuten asteburu hau.

Dagoeneko, gaurko egunerako, lau estropada jokatuta leudeke beste urteren batean, baina aurten, bizi dugun egoerak baldintzatuta, uztailaren 4an hasiko da liga. Galizian izango dira lehen bi saioak, asteburuan, biak ala biak Coruñan. Ez da, baina, Atlantikoko uretan jokatuko den azkena izango. Denboraldiaren amaiera partean ere itzuli beharko dute bertara: uztailaren azken asteburuan Aresen eta Boiron izango dira.

Ziurgabetasuna nagusi
Arraunlariek hiru hilabete luze pasatu dituzte etxean hala moduz entrenatzen, klubetik materiala hartu eta norbera norbere etxeko bazterren batean ergometroa astintzen aritu da. Azken hiru asteotan taldean lan egitera berriz ohitu beharrean izan dira.

Denboraldi-aurre gisako estropadarik ez da jokatu aurten. Apenas jokatu da neguan eta udaberrian trainerilla edota ontzi mugikorreko txapelketarik. Jaitsierarik ere ez da izan kasik: azkena martxoaren hasieran jokatu zen, Pasaian, Oriokoaren ondoren.

Orain arte lehiatu ez izanak aurretiaz ere bazegoen "ezjakintasuna" areagotzen duela uste dut arraunlariek eta entrenatzaileek, halako saioak "norbera eta aurkariak" kokatzeko baliagarri izaten baitira.

"Iazkoa itzela izan zen"
Orio Arraun Elkarteak sekulako denboraldia borobildu zuen iaz. Gizonezkoen taldeak liga irabazi zuen urte batzuen ondoren, eta emakumezkoak, aldiz, are nagusiago aritu ziren uretan. Ia estropada guztiak irabazi zituzten, erraztasunez gailenduz sailkapen nagusian.

Xanti Zabaleta emakumezkoen traineruaren prestatzailea baikor azaldu da asteburuari eta denboraldiari begira. Taldea "indartsu" ikusten du, "gogoz". Dena den, guztiek bezala, "ziurgabetasunez eta kezka handiz" begiratzen dio ligari: "Hiru hilabete norbera bere etxean entrenatzen egon ondoren, hiru aste besterik ez gara ari taldean eta uretan entrenatzen. Asteburuan jakingo dugu aurkariak nola dauden eta nola gauden gu aurkariekiko".

Iazko denboraldi errepikatzea "oso zaila" izango dela dio Zabaletak. Markak hautsi zituzten eta oroitzapen onak datozkio gogora, baina aurtengoari begira jarrita daude. "Helburu oso handia litzateke aurreko urteko denboraldia jartzea jomugan", azaldu du prestatzaileak. Eta aurtengo sasoirako helburuei buruz galdetuta, banderen lehian ibiltzea eta irabaztea "urte ona" litzatekeela dio. Aldaketaren bat egin dute kuadrillan, baina taldearen oinarriak bere horretan jarraitzen du. Harrobitik gazte kopuru esanguratsu bat igo dute trainerura; hori "harrobiko lanaren fruitua" dela dio Zabaletak: "Klub honek harrobiko lan handia egiten du, eta ikusten da, oso indartsu datoz gazteak, eta asko".

Ontzia "arin-arin"

Inork gutxik esango zukeen konfinamendua mesedegarri izan zaionik, baina Orioko gizonezkoen lehen taldearentzat hala izan dela uste du Joritz Etxeberria arraunlariak. "Neguan hasi ginenean baino dezente presio gutxiagorekin aurkitzen gara orain. Iazko urtea sekulakoa izan zen, eta aurredenboraldi honetan nabaritu dugu exigentzia geure partetik; beti gehiago nahi izatea bezala".

Presioa alboratu eta denboraldia hasteko ilusioz daudela dio Etxeberriak. Kalterako ere izan zaie konfinamendua: "Hiru aste daramatzagu uretan, eta gehien kostatzen ari zaiguna gorputza trainerura eta uretan hainbeste denbora egotera egokitzea da". Hargatik, Jon Salsamendi prestatzaileak entrenamendu motzago eta dinamikoagoak jarri dizkiete. Kezka eta ezinegon puntu bat sortzen die arraunlari, prestatzaile eta ordezkariei aurkarien erreferentzi argirik ez izateak. Luzaroan aritu dira etxean bakarka entrenatzen, eta ikusi beharko da ontzi bakoitza non kokatzen den guzti honetan. Eta lehen erakustaldia, jakinmin handikoa, asteburu honetan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide