Azken urteetan Txinan bizi da Eñaut Marti musikaria, eta han buru-belarri dabil Music Lab proiektuan lanean. Musika erakutsiz, Txinako haurren garapen pertsonala lantzen dihardute, eta gustura da proiektuak daraman martxarekin. Horrez gain, musika talde bat ere sortu du Martik hango lagunekin, Shanghai Qiutian, eta kontzertu dezente jo dituzte Asian; Europan egindako bira batean, Orion ere eman zuten kontzertua, Etxeluze Gaztetxean.
Shanghai Qiutian taldearen diskoa prestatzen ari diren bitartean, bere proiektu pertsonaleko lehen bi abestiak eman ditu argitara Eñautek, 'The guy on the third floor' izenpean. Ingelesezko letrak dituzten 'Second Class' eta 'Myself, I Also Battle with Myself' abestiek osatzen dute bi kantuko EPa.