Bilbao - Behobia autobidea Orion

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2020ko eka. 6a, 12:00

Iñaki Iturainek KARKARAren 417. zenbakian argitaratutako artikulua, 'Oroimenaren kutxa' atalean.

Oriotik pasatzen den A-8 autobidea eraikitzen hasi zirenetik mende erdi pasatu da. 1960ko hamarkadan hasi ziren haren obrak Bizkaian eta Gipuzkoan. Bilbotik Behobiaraino doan autobidearen lehenengo inaugurazioa 1971ko ekainaren 25ean izan zen: Basauri-Amorebieta zatia; Espainiako printze-printzesak etorri ziren, Juan Carlos eta Sofia. Zarauztik Zumaiarako tartea 1974ko maiatzaren 1ean inauguratu zuten, eta Zarauztik Donostiarakoa, 1974ko uztailaren 24an.

Zeruko Argia astekariaren 1972-06-11ko zenbakiak orduan eraikitzen ari ziren autopistaren gaineko datu asko eman zituen: “… 105 kilometroko bidea Bilbotik Behobiara, 20 milioi tona lur eta haitz, 90 zubi, 3 kilometro lurpean, 30.000 tona burdin, 200.000 tona porlan, 100 milioi pezeta kilometroko...”. Zeruko Argia-k zioen autobidea beharrezkoa zela, erruz arinduko zuela bideetan autoen emana, eta aitaren batean iritsiko ginela euskaldunak Bilbotik Baionara. On handia egingo dio Euskal Herriari, amaitzen zuen.

Autopistak Orion duen sarrera-irteera 2009ko abuztuaren 15ean inauguratu zuten, Ama Birjinaren egunean. Aia eta Orio agertzen dira irteerako seinale urdin erraldoian. Egun hartan kolore horiko traineru bat atera zen autobidetik Orion. Hura izan zen aurreneko ibilgailua irteten: trainerua zekarren erremolkea. Ikur bat zen, sinbolo bat, Orioko herriaren garaipen batena.

Baina autopista hura eraiki zenetik horrenbeste urte pasatu eta gero, sarrera-irteera egiten hasi, eta zer da, eta alde bakar batera eman zioten, Donostia aldera. Bilbora joateko, oriotarrok Zarautzera joaten segitu behar, aldapan gora eta behera, ordura arte bezala. Kasu bakarra da A8 autobidean hori gertatzen dena; gainerakoetan alde batera zein bestera dago sartzea eta irtetea. Lan-erdi haren inauguraziorako egokiagoa zen, beraz, 14ko trainerua baino, 7ko trainerilla.

Autobidearen onurak begi-bistakoak dira: azkarrago eta lehenago iristen gara. Horretarako egin zen. Baina obra handi guztietan bezala, izan zuen bestelakotik ere. Zeruko Argia-k ikusten zion alde txar bat: “Baserri asko eramango ditu aurretik, Usurbilgoak bakarrik aipatuta, sei: Artikula Handi eta Txiki, Benta, Aitzeta, Isturinzabal eta Arburu…”.

Orioko kasuan ez ziren horrenbeste izan. Autobideak hiru etxe bota zituen: Dato palazioa eta Altuna eta Lizargate baserriak, inguruko baserritarrek San Martin jaiak ospatzeko festa-lekua. Bertsolariek oroiminez jotako bertso-sorta jarri zioten Lizargaterekin batera galdutako festari: “Lizargateko festa bukatzen zanian, berriro festaren zain modu onenian, tristura etorri zan hiruitamabian, autopista egiteko bota zutenian”. Galera hura Ortzaikak konpondu zuen, festa hara eramanda.

Hobeto egin zitezkeenak

Orioko udalerriari dagokionez ere, ekarri zuen zenbait kalte A8 autobidea eraikitzeak.

1.- Tunel baten bidez, Zarauzko Astitik Oriora mendipetik pasatzeko proposamenik izan zen, eta trenbidearen parez pare, orain arraun kluba dagoen aldetik Txankara pasatzeko. Baina errioa Oribarzarretik igarotzea erabaki zuten, ibaiaren erdian bi zutabe erraldoi jarrita.

2.- 1974 urrun hartan Oriori ez zioten ez sarrerarik ez irteerarik eman. Autopista egin arte, jende asko gelditzen zen Orion bazkaltzen, Donostiatik Bilborako ibilbidean. Orioko bisigua famatua zen ordurako; eta herriko erretegi eta jatetxeak amu ederra, biajante eta bidaiarientzat. Irteerarik gabeko autopistak Orioko ateak itxi zizkien; handik aurrera, presaren presaz, autobideko zubi gainetik ikusten zuten lehen bazkaltoki zuten herria.

3.- Autopistako zubiak oinezkoak eta bizizaleak ahaztu zituen. Aukera ederra zegoen oinezkoentzako eta bizikletentzako bidea eransteko, Oriotik Zarautz aldera zubiaren azpitik pasatzeko.

4.- Autopistak lurrezko hesi erraldoi bat jarri zigun herritarroi, eta hondartzarako ordura arteko bidea itxi, Bikamiyotan eskuin aldera egiten zuena.

5.- Hamazazpi urte dira A-8 autopistaren peajea ordaintzeari utzi behar zitzaionetik, amortizatzeko epea bete zenetik; baina Irun eta Bilbo artean bizi garen euskaldunok ordaintzen segitu behar izan dugu. Aldiz, Bilbotik Galiziaraino joateko autopistetan ez dago ordaindu beharrik, haiek debaldekoak dira. Zergatik?

Kontrako iritziak

Autobidea eraikitzen hasi zirenetik, Orion izan ziren proposamenak gauzak bestela egin zitzaten. Luis Cisnerosek idatzi zuen egunkarian autopistak errioa gainditzeko egin zuten zubiaren proiektuaren kontra, hondartzarako bidean egin zuten lur-betelan erraldoia traba zelako, eta herriari toki asko kentzen ziolako.

Askoz geroago, hondartzatik Txankara doan bidea egin zutenean, Patxi Danbolin zenak hitz egin zuen ingeniariarekin; hala dio Orio herrixka bere liburuxkan. Proposatu zion bidea ezkerraldeko menditik joan beharrean eskuinekotik egitea, autopista azpitik pasatuta, eta oraingoa baino askoz txukunagoa eta laburragoa izango zela, oraingoaren heren bat eta hainbeste bihurgune eta aldaparik gabea. Patxik liburuxkan dio erantzun nahiko ankerrak jaso zituela.

Ez zieten kasurik egin. 2009ko abuztuaren 15ean Orioko sarrera-irteera inauguratu zenean, ospakizunerako ikur moduan, jartzekotan, ez 14ko trainerurik eta ez 7ko trainerillarik, aski zuten 5eko batela, edo skiff txiki bat. Orioko kasuan, gauza asko hobeto egin zitzaketen, egin zuten baino askozaz txukunago. Oriotarrontzat B-B autopista ez da Bilbao-Behobia, hauxe baizik: Bai-Baina.

Eta bizikleta bideez zer esan! Lehen autobidearekin bezala, orain bidegorriekin ere bazterrean geratuko ote da, ba, Orio? Gipuzkoako Foru Aldundia azken urteotan ahalegin serioa egiten ari da Donostian eta hainbat herritan bizikletan ibiltzeko joera handitzeko, garraiobide hori sustatzeko. 2019ko azaroan, informazio-orri bat kaleratu zuen, urteotan egindako lanen eta planen berri emateko. Eskuorrian Gipuzkoako mapa ageri da, bi modutan: batetik, Gipuzkoa osoa hartzen duena; eta bestetik, zatika, zazpi zatietako bakoitzean Gipuzkoako zonalde bat ageri da, hango herrietan egindako bidegorri zatiak. Orio ez da agertzen zati horietan, kanpo geratzen da. Adar jotzea ematen du! Autopistakoa gogorarazten du! Noizko Orio, Motondotik barrena, Aginagarekin eta gero Donostiarekin lotuko duen bidegorria? Eta Zarautzekin?

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide