Koronabirusaren bueltan egunero ematen ditu azalpenak erakundeak, eta atzo jakinarazi zuen aterpetxe batzuk egokituko dituela egoera zaurgarrian eta babesgabean dauden herritarrentzat.
Hain zuzen ere, Hondarribiko aterpetxeaz gain, Orioko Txurruka ere egokituko dute egoitza-bazterketa egoera larrian dauden pertsonentzat. “Caritasen Hotzaldi baliabideari laguntza emango diogu, eta, gaur bertan, 20 pertsona eraman dira Orioko aterpetxera”, azaldu zuen Eider Mendoza foru bozeramaileak. Zarauzko aterpetxea prestatzeko lanean ere ari direla esan zuen.
Aldundiak adierazi zuen udalekin, hirugarren sektoreko elkarteekin eta Osakidetzarekin elkarlanean ariko direla: “Udalen eta gizarte eragileen arreta baliabideak indartzen jarraitzea da helburua, horrela, testuinguru honen aurrean, egoera zaurgarrietan eta babesgabean dauden pertsonak babesten jarraitzeko”.