Gutuna: "Nola eskertu egindako lana Orioko herritarrei..."

Karkara 2020ko mar. 28a, 10:00

Gutun hau jaso du KARKARAk erredakzioan. Sinadura: Osasun langile oriotar bat

Pandemia madarikatu hau hasi zenetik, ospitalean behar handiekin topatzen hasi ginen. Eguneroko lana egiteko material urria geneukan, eta whatsappeko talde batetara laguntza-eskaera luzatu ordurako, herri osoan zabaldu zen.
 
Herritarrak plastikozko poltsekin mantalak egiten hasi ziren, gure beharrei aurre egiteko, Rosauraren ezinbesteko laguntzarekin. Aldi berean, Dorronsoro SPAR dendak ekimen horretarako poltsak eman zituen, eta  jarraian, DIA supermerkatuak ere parte hartu zuen egitasmoan. Lehenengo lanak Eli Manterolak jaso zituen, eta koordinatze mundiala izan genuen bere lanari esker. Orain, bere erreleboa zaintza-sareak hartu du.
 
Egun batzuk igarota, udalak ere parte hartzea erabaki zuen, eta oso ondo iruditu zitzaigun; benetan eskertu beharreko gauza da erabaki hori. Gure buruari etengabe galdetzen diogu: "Nola eskertu herritarrei egiten ari diren guztia?". Gurekin ospitalean egunero lanean ari direnek, eta batik bat, Amara ospitalekoek eta helduen larrialdietakoek, egunero eskertzen dute Oriotik iristen zaien materiala. Maskaren azpitik irribarra ateratzen zaie.
 
Nola eskertu egiten ari zareten guztia? Ospitaleko langileek eta adineko egoitzetakoek ere nahi dizuete esker ona adierazi.
 
Mila-mila esker babes materiala egiten ari zareten guztioi, erronka hau aurrera ateratzeko denon indarra beharko dugu. Balkoitik jasotzen ditugun txaloak zuentzat ere badirela kontutan hartu.
 
Eskerrik asko Orio, eta eskerrik asko oriotarrak!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide