Kiroldegia bete egin da Gipuzkoako Hip-Hop Txapelketa ikusteko

Onintza Lete Arrieta 2020ko mar. 7a, 17:26

Bederatzigarrenez antolatu du txapelketa Warda Mallal oriotarrak, eta eguerdian "oso pozik" agertu da aurten lortutako arrakastarekin. Parte hartzaileen eta ikusleen artean 1.400 pertsona gertutatu dira Oriora, eta aurreratu du datorren urtean ere Orion egingo dela txapelketa. Hamargarrena izango denez, "ezustekoak" iragarri ditu Mallal-ek.

10:00ak aldera hasi da Gipuzkoako IX. Hip-Hop Txapelketa Karela kiroldegian. Harmailak goraino beteta, sekulako ikuskizunaz gozatu ahal izan dute bertaratu direnek. Haurrek hasi dute lehiaketa, eta gaztetxoek jarraitu dute gero. Gipuzkoako hainbat herritatik etorri dira parte hartzaileak, baina baita hortik kanpo ere; Iruñeko Txantrea auzotik, esaterako. Giro aparta jarri dute musika bizi-bizien erritmora dantzatuz.

Eguerdian etena egin dute, parte hartzaileek indarrak berreskuratzeko mokadua hartu ahal izan dute, eta arratsaldean berriz ekin diote lehiari. 19:30ak aldera amaituko da txapelketa, helduen lehiarekin.

Hamargarrena ere Orion

Warda Mallal dantzari oriotarra hasi zen antolatzen txapelketa, eta zenbait herritan ospatu ondoren, Orion egitea erabaki zuen iaz, eta aurten ere etxean antolatzea erabaki du. "Urtetik urtera ikasiz goaz, eta aurten oso pozik gaude lortutako emaitzarekin". Talde asko animatu dira parte hartzera, eta datorren urtean ere Orion antolatuko du Gipuzkoa mailako txapelketa. "Ezustekoak" egongo direla iragarri du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide