Xuak ez du gurasoekin egoteko aukerarik izan kartzela utzi zuenetik

Karkara 2020ko ots. 21a, 16:08

Antza denez, aste honetarako eskatua zuten bisita ukatu diete Patxi Urangari eta Olatz Lasagabasterri.

Xua Gurasoekin Etxera plataformako kideek jakinarazi dute hilabete igaro dela Xua gurasoengandik banandu zutenetik, eta ordutik ez dietela elkarrekin egoten utzi. Antza denez, aste honetarako eskatu zuten bisita ukatu diete, joan den astetik Madrilgo Aranjuezeko espetxean diren Olatzi eta Patxiri. Hala, hilabete darama Xuak gurasoekin egon ezinik, eta "bidegabekeria" salatu nahi dute plataformako kideek. "Datorren ostegunerako bisita lotu dute, eta elkar ikustea nahi genuke". 

350 kilometro egiteko astebete
Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster otsailaren 4an elkarrekin atera zituzten Pixassenteko (Valentzia) kartzelatik, baina gerora kartzela desberdinetara eraman zituzten. "Villenakora (Alacant) eraman zituzten aurrena. Gero Patxi Valdemorokora eta Olatz Soto del Realekora", azaldu dio Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak Noaua aldizkariari.  Tarte horretan gainera, Patxi Urangaren "inolako berririk gabe" izan ziren senide eta lagunak, "ez ziotelako deirik egiten utzi", salatu dute. Otsailaren 10ean heldu zen Patxi Uranga Aranjuezera, eta biharamunean,  Olatz Lasagabaster. "Ez dituzte, esan zuten bezala, elkartuta jarri ziega ziega berean. Itxaron egin behar dutela esan omen diete noiz arte zehaztu gabe", ohartarazi du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide