Mendibeltz zelaiko belar artifiziala eta argiteria aldatuko ditu udalak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko ots. 5a, 09:25

Astelehen arratsaldean gaztetxoak Mendibeltz zelaian entrenatzen. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Orioko Udalbatzak hainbat proiektu ahalbidetuko dituen kreditu aldaketa onartu zuen joan den astean

Pasa den asteazkeneko udalbatzarrean, aho batez onartu zuen kreditu aldaketa Orioko Udalbatzak. Horri esker, 2020an honako hiru hobekuntza hauek egingo ditu udalak: batetik, Mendibeltz zelaiko belar artifiziala eta argiteria aldatuko ditu; bestetik, Mariamaestra Haurreskolan larrialdiko eskailera estalia jarri du; eta azkenik, surf elkartearen lokalean bi ur bero ponpa berri instalatuko ditu. 

Inbertsio horiek egiteko 2019ko altxortegi gerakina erabiliko du udalak. Guztira, 568.045 euroko kreditu aldaketa onartu dute, 2020ko udal aurrekontuan jasota zeuden partidak osatu eta proiektuak garatu ahal izateko.

Baliabideak bermatuz
2015-2016 denboraldian hasi ziren kirol taldeak Mendibeltz zelaiko belarra aldatzeko eskatzen, EH Bilduko zinegotzi Beñat Solaberrietak udalbatzarrean azaldu zuenez. "Herriko kirol eskaintza geroz eta handiagoa da, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu udalak kirol elkarteen beharrak bermatzea. Inbertsio handiak direla jakin badakigu, baina altxortegiko gerakina erabiltzea erabaki dugu herriarentzat beharrezko proiektuak direlako". Horrez gain, Solaberrietak azpimarratu zuen kirol batetik bestera egon daitezkeen baliabide desberdintasunak "kaltegarriak" direla Orioko kirolarentzat. Horregatik, agintaldian  "desberdintasun horiek saihesteko beharrezko baliabideak eskainiko dituztela" esan zuen. 

Jolastoki estalia
Haurreskolak dituen beharrei erantzuteko ahalegina ere egin nahi du udalak. Bakartxo Oliden Hezkuntza batzordeburuak adierazi zuenez, haurreskolako kideekin egindako lehen bileran haurreskolaren beharrez aritu ziren. "Larrialdietarako eskailera egiteko kreditu aldaketa onartu dugu, baina 2020ko aurrekontuan jasota dago kanpoko jolastokia estaltzeko proiektua ere". Izan ere, haurreskolak ez du estalitako kanpokaldeko jolastokirik, eta arduradunek nabarmendu zutenez, haurren garapenerako "garrantzitsua" da kanpoko espazioa. "Eguraldi txarrarekin, ordea, haurrak kanpoko jolastokia erabili ezinik geratzen dira", gogorarazi zuten.

KREDITU ALDAKETA
- Mendibeltz zelaiko belar artifiziala aldatzeko 350.950 euro.
- Mendibeltz zelaiko argiteria aldatzeko 65.745 euro.
- Haurreskolan larrialdi eskailera estalia egiteko 145.750 euro.
- Surf elkartearen lokalean bi ur bero ponpa instalatzeko 5.600 euro. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide