Patxi Urangari jakinarazi diote Aranjuezeko espetxera lekualdatuko dutela

Karkara 2020ko urt. 29a, 12:22

Urtarrilak 19an, Xua Gurasoekin Etxera plataformak deituta egin zen elkarretaratzeko irudia.

Xua Gurasoekin Etxera plataformako kideek azaldu dutenez, "Patxi Urangak eta Olatz Lasagabasterrek bigarren haurra espero dute, eta Aranjuezekoa da amen modulua duen eta Euskal Herritik gertuen dagoen espetxea".

Pasa den astean, hainbat komunikabidek jakinarazi zuten Patxi Uranga preso oriotarra eta haren bikotekide Olatz Lasagabaster usurbildarra Picassenteko kartzelatik Aranjuezeko espetxera (Madrid, Espainia) lekualdatuko zituztela. Une horretan presoek ez zuten lekualdatzearen inguruko albisterik, baina Xua Gurasoekin Etxera plataformako kideek azaldu dutenez, Patxi Uranga preso oriotarrari jakinarazi diote jada Aranjuezeko espetxera lekualdatuko dutela. "Uste dugu Olatz Lasagabasterri ere esango ziotela,  baina ezin dugu baieztatu, gaur deituko baitu etxera. Patxik eta Olatzek bigarren haurra espero dute, eta Aranjuezeko espetxeak badu amen modulua. Horregatik lekualdatu dituzte Aranjuezera, amen modulua duen eta Euskal Herritik gertuen dagoen kartzela delako, aurrekoa baino 80 kilometro gertuago besterik ez badago ere", azaldu dute plataformako kideek.

Urtarrilaren 20tik, Xua Usurbilen bizi da aitona-amonekin, eta Xua Gurasoekin Etxera herri ekimeneko kideek uste dute "inoiz baino arrazoi gehiagorekin, hiru laurdenak beteta dituztelako eta 2. graduan daudelako, baldintzapeko askatasunean etxera etorri beharko luketela Patxi Urangak eta Olatz Lasagabasterrek".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide