Osteguneko greba orokorrerako egitaraua zehaztu du Orioko Greba Batzordeak

Karkara 2020ko urt. 28a, 18:30

(@grebasestao)

Gosaria eta herri-bira izango dira Orion goizean goiz, eta eguerdian, Donostiako manifestazioarekin egingo dute bat. Eskualde mailako zutabea osatuko dute bertan, Antiguotik hasita. Arratsaldean ere izango dira egitasmoak tokian toki. Hainbat eragilek, ikastetxek zein erakundek adierazi diote babesa greba deialdiari.

Bi egun baino ez dira geratzen Eskubide Sozialen Kartak Hego Euskal Herrian deitutako greba orokorrerako. Grebarako "hamaika arrazoi" daudela berretsita, Orion ere lur hartu du ostegunerako greba deialdiak eta "lan, pentsio eta bizitza duinen" aldeko aldarrikapenak. Orioko Greba Batzordeak asteak daramatza prestakuntza lanetan, eta dagoeneko argitara atera du herriko egitaraua, zehaztapenekin.

Goizean goiz, 05:30ean, piketeak izango dira Abendañon. 08:30ean grebalarientzako gosaria egingo dute Antila aurreko plazan, eta 09:00etan hasiko kaleetan barrena hedatuko den kale-bira, M-en Baen batukadaren eskutik. Eguerdian, ordea, Donostiara mugituko dira oriotarrak ere, herrialde mailako mobilizazioarekin bat egiteko, Eskubide Sozialen Kartak deituta. Batzordekideek azaldu dutenez, 10:45ean trena irtengo da Oriotik.

Donostiako manifestazioa 12:30ean hasiko da Artzai Onean, eta zutabe eta bloke ugarik hartuko dute parte bertan. Besteak beste, Urola Kosta mailako zutabea osatuko da, 11:45ean Antiguotik abiatuko dena. Pentsiodunen mugimenduak ere bloke propioa deitu du, 12:00etan Alderdi Ederretik.

Arratsaldean ere protestak

Arratsaldean, baina, berriro herrian izango dira egitasmoak. 15:00etatik aurrera bazkari autogestionatua egingo dute Orioko Pergolan, eta antolatzaileek azaldu dutenez, bertaratzeko asmoa dutenek bertan aurkituko dituzte mahaiak, aulkiak, suak edota platerak. Iluntzean, aldiz, kalera ateratzeko unea izango da berriz. 18:00etan abiatuko da herri mailako manifestazioa, Ibai Ondoko plazatik, berriz kaleratzeko "pentsiodunen auzia, lan baldintza duinen aldeko borroka eta eskubide sozialen defentsa".

Atxikimenduak

Greba orokorraren atarian, eragile, talde zein elkarte ugarik egin dute bat deialdiarekin, baita zenbait ikastetxek ere. Oriori dagokionean, grebara doaz Zaragueta Herri Eskola zein Orioko Herri Ikastola, baita Orio Arraunketa Elkartea, Orioko futbol elkartea eta pilota elkartea ere. Karela kiroldegia itxita egongo da, eta udaletxeko langileek ere greba egingo dute.

Abenduko ohiko osoko bilkuran, Orioko udalbatzarrak babesa adierazi zion deialdiari.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide