Eskubide Sozialen Kartak deituta, Greba Orokorra izango da hilaren 30ean Euskal Herrian, "lan-pentsio-bizitza duinen alde". Orion ere duela hainbat aste ekin zieten prestakuntza lanei, eta Greba Batzordeak herria astintzeari begirako egitaraua esku artean du dagoeneko. Hala, dagoeneko jakinarazi dute zein ekimen izango diren herrian.
Goizean goiz jarriko dute martxan grebari lotutako egitaraua, 08:00etan. Ordu horretan, txokolate beroa dastatu ahalko dute bertaratzen direnek, tokia oraindik zehaztu ez bada ere. Eguerdirako Donostiara mugituko dira oriotarrak ere, herrialde mailako mobilizazioarekin bat egiteko. Gero, Oriora itzuli eta bazkaria izango da Pergolan.
Arratsaldean, Orioko kaleak hartuko dituzte grebalariek. 18:00etan hasiko da herriko manifestazioa, Ibai Ondoko plazatik. Hortik N-634 errepidera mugituko dira, eta gero, herriko plaza zeharkatuko dute. Eusko Gudarien kalean barrena ibili ostean, Arrantzale kalera sartuko da mobilizazioa, eta Kale Nagusiaren hasieran amaituko da.
Greba Batzordearen arabera, goizerako ekimenak zehazten ari dira oraindik. Beraz, egitaraua oraindik ez dago itxita.