Asteartean elkartu ziren Getarian teknika tradizionala erabiltzen duten arrantzaleak (Gipuzkoa, Bizkaia, Asturias, Galizia eta Kantabriakoak) eta sare pelagikoak erabiltzen dituztenak (Lapurdi eta Frantziako arrantzaleak) Kantauri isurialdeko antxoa eta sardina arrantza akordioa adosteko helburuarekin.
Bilkuran, antxoaren arrantzaldiaren inguruko baldintza berriak zehaztu zituzten. Sare pelagikoen erabiltzaileek, lehenago hastea eskatu dute, izan ere teknika tradizionalen erabiltzaileek baino hilabete beranduago hasten zuten kostera, 2010ean Bilbon sinatutako itunean hitzartutakoari jarraiki. Trukean, teknika tradizionalak ibiltzen dituzten arrantzaleek, kuota txikiagoa emango diete, orain arte 1,7 milioi kiloko kuota ematen zietela kontuan hartuta.
Horrela, Lapurdiko eta Frantziako arrantzaleek sei aste lehenago irteteko aukera eskatu zuten. Hala eta guztiz ere, erdi bideko akordio bat espero dute arrantzaleek. Eta, helburuak lehengo berbera izaten jarraituko du, espazio eta denbora berdinean elkar ez topatzea. Gauzak ondo bidean, urtarrileko epea amaitu aurretik itxiko dute akordioa.