Abenduaren 16an, Xua Gurasoekin Etxera plataformak eta Sarek mozioa aurkeztu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordean. Gaur eztabaidatu eta bozkatu da gaia osoko batzarrean, eta EAJ, Elkarrekin Gipuzkoa, PSE eta EH Bilduren babesarekin aurrera atera da mozioa. Hala, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Xua bere gurasoekin etxera itzultzeko eskatuko diote Espainiako Barne Ministerioari, Espetxe Zuzendaritzari eta zaintzako epaileari.
Xuak urtarrilaren 19an beteko ditu hiru urte, eta eta legearen arabera, ezingo du amarekin Picassenteko espetxean (Valentzia, Herrialde Katalanak) bizitzen jarraitu. Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster gurasoek, beteta dituzte ezarri zitzaizkien kartzela zigorren hiru laurdenak, eta beraz, lege arrunta aplikatuz gero kalean behar luketela uste dute Xua Gurasoekin Etxera plataformak eta Sarek. Horregatik, urtarrilaren 19an familia elkarrekin Usurbilera itzuli dadila eskatzen duen mozioa aurkeztu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan.