Zetazeo bat hilda agertu da goizean, Antilla hondartzan

Karkara 2019ko abe. 20a, 10:02

Itsasoak hondartzara ekarri du Hegaluzeko Pilotu Balea txiki bat, eta hondarretan, ur izkinan geratu da.

Gaur goizean, ezustekoa hartu dute hondartzara paseatzera edo korrika egitera joan diren herritarrek. Izan ere, zetazeo bat agertu da hondarretan, hilda. Hegaluzeko Pilotu Balea espeziekoa dela azaldu dute herriko hainbat arrantzalek, eta korronteak Antilla hondartzara eraman duela.

Udaletik baieztatu dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren hondartza garbiketa zerbitzuak goizean bertan aterako du balea hondartzatik. Izan ere, protokolo bat zehaztuta dago, hilda agertzen diren horrelako animaliak hondartzatik erretiratzeko.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide