PAPEREKOA

Iritzia: Bizi

Intza Unanue Arruabarrena 2019ko abe. 12a, 15:30

Hona hemen Intza Unanuek KARKARAren 411. zenbakirako idatzitako iritzi artikulua, "Nire honetan" atalean.

Denbora aurrera doa. Geroz eta azkarrago, eskuetatik alde egin nahiko baligu bezala, joaten utziko bagenio bezala.

Jaio eta kontziente garenetik zeruaren mailan jartzen ditugu bizitzan zehar lortu beharreko helburuak. Handiegiak izaten dira, akaso. Aldi berean, bidean eskuratzen ditugun lorpen txiki horiei erreparatzea ahazten zaigu.

Leku zaharretara itzultzen gara, izan zen hura oroituz eta aurrean orain duguna begi bistan, zirriborrotsu bilakatuz. Galdutakoari begiratzen diogu, goibel, irabazitakoari heldu
 beharrean. Eta “zoriontasuna” eskatzen dugu, baina guk berari irribarre egiten ez badiogu, berak ez digu bueltan ezer emango.

Norbanakoaren askatasunak duen balioaz oroitu beharko genuke halakoetan: gertukoekin elkarbanatzen dugun maitasunaz, laguntasunaz edo lagunduak izan eta laguntza emateaz. Kantu bakar batekin mundu paralelo batera iristeaz. Ostiraletan jan-edanaren bueltan bildu eta norbere bizipenak kontatzeko eta besteenaz gozatzeko tartea izateaz. Herriko kaleetatik joan eta ezagunen agur irribarretsu bat jasotzeaz.

Besterik gabe bizitzeaz arduratu beharko genuke. Eta denbora, joan dadila aurrera, baina gure eskutik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide