Abisu horia eta laranja iragarrita daude egun hauetarako itsasaldeko arriskuagatik, eta baita haizeagatik ere. Kostaldean izan dezaken inpaktuagatik batez ere abisu horia dago emanda. Bihar, esaterako, 04:17an izango da itsasgora eta 4,5 metro inguruko olatuak espero dira 03:00etatik 06:00ak bitartean. Arratsaldean ere 4-4,5 metroko olatuak aurreikusten dira, 15:00ak eta 18:00ak artean; eta itsasgora 16:39an izango da.
Ostiralean, berriz, egun osoan dago abisua iragarrita. Olatuen ezaugarriak direla eta, pasealeku eta malekoietan olatu-zaparrak izan daitezke, bereziki itsasgoretan: 04:55ean eta 17:20an. Olatuen altuera adierazgarria izango da gainera: 6-7 metroko ingurukoa goizaldean, eta egunaren erdialdean 7 metroak gaindi ditzake.