Jostailu Erabilien 10. Azoka izango da larunbat honetan Kultur Etxean

Karkara 2019ko abe. 11a, 13:20

Herrio Natur Taldeak antolatu du hamargarren urtez azoka. Elkar trukea eta berrerabilpena sustatzea helburu hartuta.

Larunbat honetan, abenduaren 14an, Herrio Natur Taldeak antolatuta, 10. Jostailu Erabilien Azoka izango da goizeko 10:30etik 14:00etara, Kultur Etxean.

Etxeetan erabiltzen edo behar ez diren jostailuei erabilpen berri bat emateko aukera luzatu nahi dute antolatzaileek. Izan ere, elkar trukea eta berrerabilpena sustatzea dute helburu eta Gabonetako gehiegizko kontsumoaz ardura hartzea.

Azoka aurretik bilketa

Azoka egin aurretik azaroaren 29an egin zuten lehenengo bilketa Zaragueta Eskolan eta Ikastolan. Bigarren bilketa, berriz, ostiral honetan izango da hilaren 13an Kultur Etxean, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara.

Bilketa egunean, herritarrek etxetik eramandako jostailuak sailkatuko dituzte antolatzaileek hiru koloreren arabera: horia, urdina eta gorria. Nahi izanez gero parte hartzaileek koloretako txartel bat jasoko dute azoka egunean kolore berdineko txartela duen beste jostailuren batengatik trukatzeko.

Jostailuak bilketara eraman ez dituztenek ere, horretarako aukera izango dute azoka egunean bertan, eta jostailua trukatu ahal izango dute.

Antolatzaileek adierazi dutenez, truke azoka honetan parte hartzeko hainbat irizpide bete beharko dira: "Jostailuak osorik egon behar dute, egoera onean. Norberari hartzea gustatuko litzaiokeen moduan. Egoera txarrean dagoen jostailurik ez dugu jasoko". Bestalde, zortzi urtez azpiko haurrek arduradun batekin parte hartu beharko dutela azpimarratu dute. Eta behin azoka amaitutakoan inork eraman ez dituen jostailuak irabazi asmorik gabeko erakunde batera bideratuko direla jakinarazi dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide