Arraun elkarteak 77 bandera eta 2 koroa aterako ditu igandean kalejiran

Karkara 2019ko abe. 7a, 10:04

Igande eguerdian, banderen bedeinkapena egingo dute elizan, 12:00etan hasita.

Sanikolasetan murgilduta daude oriotarra, eta bihar aurreko denboraldian Orioko Arraun Elkarteak irabazi dituen banderak bedeinkatuko dituzte elizan. Aurtengoa berezia izango da, Orioren arraun historian lehen aldiz, emakumeek irabazitako Kontxako bandera bat bedeinkatuko baitute. Hala, orain arte, gizonezkoek irabazitako 32 Kontxako bandera zituen Oriok, eta emakumeek aurten irabazitakoarekin 33 dira.
 
Bestalde, Orioko Arraun Elkarteak aurtengo aitabitxi izendatu du Jose Antonio Gutierrez Solaberrieta 'Kakio'.  "90. hamarkadatik arraun elkartearen alde boluntario lanetan ibili da, eta bereziki neska arraunlarien laguntzaile fina da". 
 
77 bandera eta bi koroa
Igandeko kalejiran 77 bandera eta bi koroa aterako ditu arraun elkarteak. Mutilek 2017an irabazitako Kontxako bandera haren eta 2019an neskek irabazi dutenaren artean lortutako bandera guztiak alegia.
 
Hurrengoa da, Orioko Arraun Elkarteak iganderako antolatu duen egitaraua:
  • 11:45. Herriko Ikastolatik irtengo da kalejira txarangak lagunduta
  • 12:00. Orioko elizan banderak bedeinkatuko dira
  • 12:30. Banderak berriz bueltan ikastolara kalejiran, eta hortik aurrera Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldea kalez kale
  • 14:30. Herri bazkaria Arraunetxen Mutiko Alaiek alaitua

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide