Abian da Orioko emakumeentzako Ahalduntze Eskola, eta aurreneko proiektuei heldu diete dagoeneko. Apal Morea izango da hurrengo geltokia. Aizpea Esnaolak eta Eider Goiburuk azaldu dutenez, aurrerantzean, "liburu feministaz osatutako" bilduma izango da Apal Morea, eta Orioko udal liburutegian kokatuko dute.
Hala, txoko horrek jasoko duen materialak, helburu izango du "herri mailan kultura feminista hedatzea", baita "Ahalduntze Eskola ezagutaraztea" ere: "Liburu bidez, jendea proiektura hurbiltzeko baliabideak eskaintzea dugu helburu".
Hurrengo asteazkenean, abenduak 11, aurkeztuko dute Apal Morea, Emariak liburuaren aurkezpenaren eskutik. Kalaka taldeak egin du liburua, eta "emakumeek historian zehar egin dituzten ekarpenen bilduma" modura sortu du. 12 biografia josten ditu Emariakek, emakume horien lorpenak, "isilaraziak" izan direnak, erdigunera eramateko.
18:30ean izango da liburuaren eta Apal Morearen aurkezpen bateratua, Orioko udal liburutegian.