Atzo arratsaldean elkartu ziren Josean Olaskoaga Aizperro eta Kepa Peñagarikano Azpeitiko Mendizabal tabernan, bien arteko desafioa hitzartzeko. Ordu eta laurden behar izan zituzten akordiora iristeko, tirabirak tarteko. Lehen eztabaida 100 kiloko bola zenbat altxaldi eman izan zuten; pilotari ohiak 45 altxaldi proposatzen zituen; arraunlari ohiak, ordea, 25 altxaldi. Azkenean, 35 altxaldi egitea hitzartu zuten. Aizkorako lanean kana-erdiko sei enbor moztu beharko dituzte; Peñagarikanok, baina, hasieran bost kana-erdiko izatea proposatu zuen. Gero, korrikako probaren inguruan izan zuten desadostasuna: azpeitiarrak 4 kilometro proposatu zituen, eta, aldiz, oriotarrak 5 kilometro. Azkenean, erdi bitartekoa erabaki zuten: 4,5 kilometro korrika egitea. Ondorioz, desafioan egin beharreko lana honakoa izango dute: 100 kiloko bolari 35 altxaldi egitea, aizkoran kana-erdiko sei enbor moztea, eta 4,5 kilometro korrika egitea.
Egurrak nork eramango dituen zozketaz erabaki zuten: Aizperrok lau egur eramango ditu, eta Peñagarikanok gainontzeko biak.
Datorren urteko martxoaren 14-15eko asteburuan jokatuko dute desafioa, baina ez zuten lekua zehaztu. Jokatuko duten diruaren gainean ere akordioa lotu zuten bi kirolariek; bakoitzak hiruna mila euro jarriko ditu. Atzo bertan jarri zuten milana euroko seinalea. Gainontzekoa, apustuaren eguna baino bi egun lehenago jarri beharko dute biek. Proba bukatutakoan, berriz, dopin proba egin beharko dute biek.