'XUA GURASOEKIN ETXERA'

Arartekoak adierazi du esku hartuko duela, Xua gurasoekin batera etxeratu dadin

Karkara 2019ko aza. 22a, 12:16

Plataformako kideak eta Xuaren amona, Arartekoarekin. (Xua Gurasoekin Etxera)

Atzo bildu ziren 'Xua Gurasoekin Etxera' plataformako kideak eta Manu Lezertua Arartekoa. Plataformaren helburua da Xua eta haren gurasoak, Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster euskal presoak, elkarrekin etxeratzea urtarrilean. Arartekoak azaldu zuen "bere esku dagoen guztia" egingo duela alaba eta gurasoak bereizi ez ditzaten.

Ekainean aurkeztu zuten Xua Gurasoekin Etxera dinamika, "herri ekimenez sortua". Datorren urtarrilean, hiru urte beteko ditu Orioko Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster presoen alabak; Xuak. Legez, espetxetik atera beharko du haurrak, eta ezingo du gurasoekin Picassenten bizitzen jarraitu. Hala, Xua eta gurasoak banatu ez ditzaten exijitzeko jaio zen Xua Gurasoekin Etxera dinamika.

Hamaika ekimen jarri dituzte martxan ordutik; hala nola, sinadura bilketa, Orioko eta Usurbilgo (hangoa da Lasagabaster) Udaletan aurkeztutako mozioak, edota parte hartze zabalarekin sortutako abestia. Aste honetan ere izan dute lana esku artean; atzo, hilak 21, Manu Lezertua Arartekoarekin eta Roberto Moreno Arartekoaren bulegoko Justizia arduradunarekin bildu ziren. Azaldu zieten Xuak urtarrilaren 19an egin beharko duela alde Picassentetik, eta gainera, izatez, baldintzapeko askatasuna dagokiela Urangari zein Lasagabasterri. Izan ere, biei ezarri zitzaien kartzela zigorraren hiru laurdenak bete dituzte dagoeneko.

Arartekoak adierazi zien esku hartuko duela auzian, eta "bere esku dagoen guztia" egingo duela, urtarrilean Xua gurasoekin batera etxeratu dadin. Hain zuzen, instituzioei eta instantziei dei egingo die Lezertuak, gaiari heldu diezaioten.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide