Hasi dira 'Euskara eta turismoa: aukerak eta arretaguneak' jardunaldiak, Arraunetxen

Karkara 2019ko aza. 21a, 10:38

UEMAk eta UEUk antolatuta, euskara eta turismoa uztartzeko aukeren inguruan jardungo dute gaur Orion, egun osoan zehar. Hitzaldi nagusiari ekin diote dagoeneko, Jon Elzoren eskutik. "Turismoaren inguruko ikuspegi berritzailea" mahaira ateratzea izango du xede, Gura proiektua helduleku hartuta.

Atsedenaldiaren ostean, Bordeleko Jean Yves Agarrek hartuko du hitza. Hala, ekonomia, turismoa, kultura eta identitatea bateratzeko eredu posible bat ekarriko du Arraunetxera. Kutxa Ekoguneko eta UEUko kide Itsaso Olaizola ere arituko da turismoaren eta hizkuntzaren garapenaren inguruan, eta Inhar Agirrezabal arkitektoak ere parte hartuko du solasaldian. Turismo jasangarria izango du mintzagai.

Bazkaltzeko aukera izango dute gero jardunaldiko parte hartzaileek. Arratsaldean, turismoak barnebiltzen dituen aurpegi desberdinei buruz jardungo dute, mahai inguru baten bidez. Hain zuzen, Idurre Lukas Bizibiziki enpresako kideak, Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendariak, Esther Facchin Zarauzko Turismo teknikariak, eta Gotzon Barandiaran Ahotseneako eta UEUko kideak hitz egingo dute jendaurrean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide