Azken urteotan elkarretaratzea Herriko Plazan egin bada ere, aurten, kultur etxearen aurrean bilduko dira ikasle, irakasle eta gurasoak goizeko 11:30ean. Ondoren, hiru ikastetxeetako gazteek gelan landutako bertso batzuk kantatu eta agiri bat irakurriko dute kultur etxeko balkoitik, indarkeria matxistaren kontra agertzeko eta tratu onak aldarrikatzeko. Jarraian, Rosi Lazkano bertsolariak eskualde osoko ekitaldietan erabiltzeko sortu dituen bertsoak kantatuko dituzte denek batera.
Guztira 700etik gora haur eta gaztetxok hartuko dute parte elkarretaratzean. Antolatzaileek, gurasoez gain herritarrak ere bertaratzera gonbidatu dituzte, eta parte hartzaileek soinean zerbait morea jantzita eramatea eskatu dute.
Gogoeta bultzatzea helburu
Ekimenaren helburu nagusia indarkeria matxistaren kontrako eta tratu onen aldeko mezua zabaltzea da. Indarkeria matxistak forma asko hartzen ditu eta gure gizarteak duen arazo larrienetako bat da. Ezinbestekoa da gaiari buruzko gogoeta egitea kalean, etxean eta ikastetxean, eta, horretarako, nahitaezkoa da gaia plazara ateratzea eta herritarrak arazoaz jabetzea. Horretan lagundu nahi dute ekitaldi hau elkarrekin antolatu duten talde eta erakundeek.
Egun bakarreko ekimena izan ez dadin, Orioko ikastetxeetako haurrek gaia landu dute gelan egun hauetan, maila bakoitzari dagokion eran. Udalak eskerrak eman dizkie ikastetxeei aurkezpenean, "gai garrantzizko hau elkarrekin lantzeko egiten duten esfortzuagatik eta erakusten duten inplikazioagatik".